Beñat Atorrasagasti, Jokin Aranalde eta Aitor Zubillaga iheslari politikoen atxiloketak gogor salatu ditu Bake Bideak. "Atxiloketa horiek erabaki politikoak dira; ekainaren 15ean iheslari politikoek egin ekarpen politikoei emandako erantzunak dira", Anais Funosas eta Christian Desprez Bake Bidea taldeko ordezkarien hitzetan. Goiz honetan egin du Bake Bideak prentsaurrekoa, Baionan.
Gogor gaitzetsi dute euroaginduaren prozedura, eta argi utzi dute bai giza eskubideen aldetik eta bai gatazkaren konponbideari begira "tresna arriskutsuak" direla.
Halaber, deitoratu dute Frantziako eta Espainiako gobernuek ez dutela bake prozesuarekin bat egiten. "Gizarte zibilaren indarrarekin lor daiteke aldaraztea Frantziako eta Espainiako gobernuen blokeo jarrera".
Bestalde, Zubillaga aske utzi dute gaur, haren kontrako euroagindua ez baita iritsi. Hala jakinarazi du Kazeta.info atariak. Datorren asteartean du hitzordua auzitegian.