Etxeratek esan du "benetan gogorra" dela norberaren seme-alabak, gurasoak, lehengusu, osaba-izeba ala laguna non eta nola bizi den ez jakitea. Izan ere, iheslarien artean egoera ezberdinak daudela azaldu dute, eta haietako asko non bizi diren ere ez dakitela. "Egoera horren jakitun" Espainiako eta Frantziako Gobernuek "trikimailuak" erabiltzen dituztela salatu dute, "samina oraindik eta gehiago hedatzeko".
Euskal Herritik milaka kilometrotara bizi direnak ere badaudela azaldu dute, "gehienak dokumenturik gabe, herritartasunik gabe, eta kultura arrotzetan". Argentinan, Uruguain, Venezuelan, Panaman, Kuban, Mexikon, Belgikan, Cabo Verden, Sao Tomen, Portugalen eta beste hainbat lekutan, hain zuzen ere. Haiek, edozein unetan atxilotu eta Espainiara bidali ditzaketela salatu dute. Nolanahi ere, herri horietan integratuta daudela eta "lagundu" egiten dutela diote.
Ipar Euskal Herrian bizi diren iheslarien egoera ez dela hobea iritzi diote, izan ere euroaginduaren bidez, edozein momentutan atxilotu eta espetxeratu ditzaketela diote.
Gainera, gogorarazi dute hainbat senide eta lagun atxilotu eta espetxeratu egin dituztela, iheslari politikoei ekonomikoki laguntzeagatik.
Euskal iheslariak
Iheslarien aurkako "errepresioa" baztertzeko eskatu die Etxeratek Espainiako eta Frantziako Gobernuei
Etxeratek esan duenez 2.000 euskal iheslari inguru daude orain. Iheslari horiek errepresioa jasaten dutela azaldu dute haien senideek, eta errepresio hori ez egiteko eskatu diote Espainiako eta Frantziako Gobernuei: "Gatazka luzatzea eta samina hedatzea besterik ez dakarren neurri ankerra behingoz alde batera uzteko", alegia. "Konponbiderantz" pausoak eman behar direla aldarrikatu dute, eta bide horretan, igandean Makean (Lapurdi) egingo den elkartasun egunean parte hartzeko deia egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu