Jokin Aranalde eta Beñat Atorrasagasti iheslarien atxiloketen harira hitz egin du Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak. Haren iritziz, "iheslariek konponbidearen alde erakutsitako prestutasunari erantzun tamalgarria" eman dio Frantziako Gobernuak.
"Espainiaren ildo beretik" joatea egotzi dio Frantziari: "Frantziak, Espainiak egin bezala, Aieteko bake konferentziak eta ETAren erabakiak irekitako konponbiderako aukerei muzin egiten die eta nahiago du errepresio eta sufrimenduaren gurpil zoroaren eskeman jarraitu gatazka politikoan dituen erantzukizunak ezkutatu nahian".
"Alde anitzeko akordioak" beharrezkotzat jo ditu Barrenak, "prozesuari ezarri nahi dioten blokeoa apurtzeko". "Ipar Euskal Herrian agertutako konpromiso sozial eta politiko zabal eredugarria hedatzea izan behar dugu helburu", erantsi du.