Ibilbide politiko luzea darama Jokin Aranaldek bizkarrean. Atxiloketak eta tortura pairatu zituen Francoren garaian, eta geroztik ere atxilotu izan dute. Duela bederatzi urte, ihes egitea deliberatu zuen. Ziklo politiko berrian eta gatazkaren konponbidean iheslari politikoek funtsezko ekarpena egin behar dutela azpimarratzen du.
Hainbatetan atxilotua izan ondoren, Ipar Euskal Herrira alde egitea deliberatu zenuen. Nolako ibilbidea izan duzu?
Francoren poliziak atxilotu ninduen lehen aldiz, 1967an. Atxilotu eta gogor torturatu ninduten. 1968an berriz atxilotu ninduten bost egunez. Bertze bospasei aldiz atxilotu ninduten gero. Ez ninduten torturatu, baina bai jo. Lehen atxiloketa izan eta 35 urte beranduago, 2002an, berriz atxilotu eta torturatu ninduten. Atxilotzera etorri zirelarik, kalbario horretatik ihes egitea deliberatu nuen. Eta hemen ikusi dut hirugarren belaunaldi batekin bat egiten dudala iheslari politiko gisa. 19-20 urteko gazteak ikusi ditut, helduak, eta baita Francoren garaitik hemen daudenak. Errealitate horrek argi erakusten du azken 50 urteetako historia. Arazo politiko sakona du Euskal Herriak, eta horrek milaka iheslari eragin ditu.
Amnistiaren ondotik presoak atera ziren. Iheslari guztiak ez ziren itzuli, ordea. Zerk berma dezake itzulera?
Iheslariak ez itzulita argi gelditu zen Euskal Herriaren sakoneko arazoak konpondu gabe segitzen zuela. Horregatik ez ziren itzuli iheslariak, eta horregatik bete ziren berriz espetxeak berehala. Euskal Herriak Espainiaren eta Frantziaren menpe segitzen zuen, eta herri honen askatasun egarria ez zen ase. Iheslariek ezin zuten askatasunez Hegoaldera joan eta han bizi. Iheslarien kolektiboak berak ongi islatzen du gatazkaren muina, preso politikoekin eta deportatuekin batera. Horregatik gurutzatu dira iheslari belaunaldiak. Arazo politikoak gordin segitzen zuelako, konponbide politikoa faltsua zelako, zauriak ustel gainean itxi nahi izan zituztelako. Orain arazo bera dugu mahai gainean.
Konponbideari begira, alde bateko urratsa egin da. Iheslariek nolako ekarpena egin dezakete, eta zer urrats egin behar dute estatuek?
Kolektibo gisa, uste dugu egin diren alde bakarreko urratsak, bai ETAren adierazpena, bai eragile sozial eta politikoek egindakoak, biziki garrantzitsuak izan direla konponbiderako. Iheslarien kolektiboak ere subjektu izan behar du dinamika horretan, bi estatuei presio handia egiteko. Iheslariekin gertatu zena berriz gerta ez dadin, zeresan handia dugu aurrera begira. Bi estatuek urratsak egin beharko dituzte presoen eta iheslarien egoera konpontzeko, eta, bereziki, presoak eta iheslariak egotea eragin duten arrazoiak gainditzeko. Ez gara haien zain egonen, baina guk ezin dugu konpondu estatuen arazoa. Hori konpontzeko, gatazkaren arrazoiak konpondu beharko dira.Estatuek bertan behera utzi behar dituzte errepresio mekanismoak. Euskal Herriaren erabakia errespetatzea da gakoa. Iheslariok argi adierazi nahi dugu eragile aktiboak izan behar dugulagatazka politikoaren konponbidean. Gainerateko eragile politikoek bezala, iheslariok ere gure ekarpena egin nahi diogu konponbideari. Sakabanaketa konponbidearen aldeko aktiboa bihurtu dugu, mundura zabaldu delako iheslariekiko elkartasuna eta han utzi dugulako ere gure ekarpena. Etorkizunera begira ere, ahalik eta indar gehien biltzen saiatuko gara.
Jokin Aranalde. Euskal iheslari politikoa
«Iheslariok eragile aktibo izan behar dugu gatazkaren konponbidean»
Frankismoan atxiloketak eta torturak pairatu ondoren, Espainiako Poliziak berriz atxilotu zuen duela bederatzi urte. Gatazkaren arrazoiak konpondu behar direla dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu