GIZARTEA

II. Auzolan Topaketak egingo dituzte Altsasun, irail bukaeran

"Mendekotasunetik burujabetzara" urratsak egiteko aukerak sortu nahi dituzte antolatzaileek, bizitzaren arlo guztietan.

2012ko irailaren 15a
17:36
Entzun

Burujabetza bidean urratsak egin eta aukera berriak sortzeko, topaketak egingo dituzte Altsasun (Nafarroa), irailaren 28tik 30era. Auzolan Ekimenak antolatu ditu. Lehenbiziko topaketa iaz egin zuten, Usurbilen (Gipuzkoa), eta bigarren aldiz antolatu dute aurten. Gaur aurkeztu dituzte aurtengo jarduerak, Altsasuko Iortia kultur etxean.

Burujabetzaren kontzeptua bizitzaren esparru guztietara zabaldu behar dela uste du Auzolan Ekimenak. "Maila guztietarako ulertzen dugu guk burujabetza", zehaztu du Jasone Mitxeltorena ekimeneko kideak. 

Adibidea eman du: Madrilgo gobernua osasun eta hezkuntza arloetan egiten ari den mozketak. "Gero eta mendekotasun handiagoa daukagula ikusten dugu". 

Mendekotasun horiek "iraultzea" da Auzolan Ekimenaren asmoa. Berdin osasunean, hezkuntzan, elikaduran, energia arloan, ekonomian... 

Krisiak "ezinegon" asko sortu dituela, eta ezinegon horiei "norabide bat" emateko unea dela uste dute ekimeneko kideek, "mendekotasun egoeratik burujabetzara" abiatzeko.

Herritarrek antolatu egin behar dute beren behar oinarrizkoak asetzeko, administrazio publikoek edo beste inork arazo horiek konpontzera itxaron gabe.

Topaketek hiru oinarri izango dituzte: jasotzea edo ezagutzea; hausnartzea; eta sortzea. Auzolanaren kontzeptuan oinarrituz burujabetza era ugaritan lantzen ari diren proiektuen berri jasoko dute Altsasun hil honen bukaeran.

Besteak beste, Otxandioko Herri-Ola, Usurbilgo Garapen eta Erresilentzia herri hitzarmena, Sakantzen, Iruñerria Auzolan, Debagoienako Bagara eta Zeraingo herria garatzen ari diren esperientziak aurkeztuko dituzte.

Sei gai nagusi eztabaidatu eta aztertuko dituzte topaketetan: osasuna, hezkuntza, energia, elikadura, etxebizitza eta hiritik herrira deitu dutena.

Auzolan Ekimenak berak ez dituela ekimenak sortzen, baina haiek sortzeko aukerak bultzatzen dituela zehaztu du Mitxeltorenak. Herri eta eskualdeetan beren kasa antolatuko dituzten eta tokiko burujabetzaren alde egingo duten ekimenak sustatu nahi dituzte.

Topaketetara joan nahi duenak Internetez eman dezake izena: www.auzolan.info.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.