Atxiloketak

Iñigo Alzelaik "bost eguneko infernua" jasan zuen Espainiako Poliziaren esku

Aurreko asteartean atzeman zuen Espainiako Poliziak, beste zazpi gazterekin batera, eta bera baizik ez da atera libre. "Zaplastekoak eman zizkidaten, kolpeak; mehatxuak egin zizkidaten. Beldurra nuen, ezinegona, mina, angustia... Ezin nuen egoera hura jasan".

2009ko apirilaren 6a
19:19
Entzun
Iñigo Alzelai izan da lehengo asteartean Hernanin eta Urnietan (Gipuzkoa) Espainiako Polizak atxilotu zituen zortzi gazteetatik Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aske utzi duen bakarra -hamar mila euroko bermepean-, eta Alzelai berak gaur jakinarazi du "bost eguneko atxiloaldian infernua" jasan zuela polizien esku. Asteartetik larunbatera inkomunikatuta eduki zituzten eta Alzelai torturatu egin zutela salatu du.

Lagun ugarik inguratuta agerraldia egin du Donostian, eta adierazi du berak egin ez zuen polizia deklarazioa sinatu zuela, tratu txarrak zirela-eta "desesperatuta" zegoelako eta nola jokatu ez zekielako. "Zaplastekoak eman zizkidaten, kolpeak; mehatxuak egin zizkidaten. Beldurra nuen, ezinegona, mina, angustia... Ezin nuen egoera hura jasan". Alzelairen deklarazioaren bideoa ikusgai dago jada.

Asier Olano, Txaber Zabaleta, Aitzol Arrieta, Egoitz Balerdi, Eki Oñate, Mikel Gartzia eta Jon Ezeiza kartzelara bidali zituen Garzonek larunbatean, kale erasoak egitea eta Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita. Haiek ere tratu txarrak salatu dituzte.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, torturaz gain, "gazte independentisten aurkako etengabeko erasoaldia" salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.