Iñigo Gogoan herri ekimenak kanpaina bat egingo du Aldekoaren izendapena atzera botatzeko, eta horretarako sinadura bilketa bat hasiko du. Gainera, abenduaren 11n batzar bat egingo dute horren aurrean zer egin erabakitzeko. Ohar baten bidez eskatu du "berehala" botatzeko izendapena atzera.
Cabacasen aldeko taldearen iritziz, Eusko Jaurlaritzak "burla" egin dio gizarteari Aldekoa ertzain buru izendatuz. Gainera, Eusko Jaurlaritzan aurreko astean gertatutakoa argitzeko ikerketa batzordea osatzearen aurka bozkatu zutenak ere kritikatu ditu. Salatu dute horrek "babesik gabe" uzten dituela herritarrak "eredu polizial zaharkitu baten aurrean".
"Erantzunkizun zuzenik" ez duela dio Erkorekak
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak Jorge Aldekoa Iñigo Cabacas pilotakada batez buruan jo zuen operatiboko burua Ertzaintzako buru izendatu izanaz galdetu diote gaur eguerdian Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileari, gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Erkorekak adierazi duenez, Jorge Aldekoak ez zuen "erantzukizun zuzenik" izan Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen polizia operazioan.
Egun horretako operatiboaren antolaketa baino ez zuela erabaki esan du Jaurlaritzako eledunak, baina ez zuela parte hartze zuzenik edo inplikaziorik izan egun horretako gertakarietan. Hura Cabacasen operatiboko arduraduna ez bazen, burua nor zen galdetu diote kazetariek Erkorekari: "Ez dakit nor zen burua, baina badakit pertsona hau ez zela arduraduna", erantzun die.