Gaur ere ez da abiatu 18/98 auziko epaiketa. Arantza Zulueta abokatuak gripe handia duela eta Mikel Egibar auzipetuak pneumonia egiaztatu du Auzitegi Nazionaleko auzi medikuak, eta haiei sendatzeko astia ematearren datorren astelehenaarte epaiketa etetea erabaki du Angela Murillo epaimahaiburuak.
Beste erabaki bat ere hartu du: hesteetako gaitz baten ondorioz larrialdiko ebakuntza egin dioten Iñigo Elkoro auzipetua beste epaiketa batean epaituko dute, bera bakarrik, sendatzen denean.
Mediku txostenen arabera, bizpahiru hilabete behar ditu Elkorok bere onera etortzeko. Hori dela eta, denbora epe hori igaro arte epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuten defentsako abokatuek, Elkorok epaiketak bertatik bertara jarraitzeko eta beste auzipetuen deklarazioak aditzeko eskubidea duela aintzat hartuta.
Fiskalaren eskaerari jarraiki, ordea, epaimahaiak ez du onartu Elkoro sendatu bitarteko etena, "eztabaidan dauden eskubideen defentsak luzapenak saihestea exijitzen" duela argudiatuta. Gainera, eten hori onartuko balitz epaiketa berriro abiatu beharko litzateke, hasieratik, etena hilabete baino gehiagoko delako.
Jone Goirizelaia defentsako abokatuak iragarri du Elkororen inguruan hartu duten erabakiaren aurka helegitea aurkeztuko dutela, haren defentsa eskubidea urratzen delakoan.
Epaiketa osasuna kaltetzen ari zaiela salatu dute auzipetuek
Lan arloan eta arlo ekonomikoan ez ezik, epaiketa beren osasuna kaltetzen ari dela salatu dute '18/98 auziko' auzipetuek Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalaren Casa de Campoko epaiketa aretora sartu aurretik. Hainbat auzipetuk dituzten osasun arazoak horren froga direla agertu du Teresa Toda auzipetuen bozeramaileak. Esan bezala,Iñigo Elkoro auzipetua erietxean dago hesteetako ebakuntza eginda, eta bizpahiru hilabete beharko ditu sendatzeko; Mikel Egibar auzipetuak sukar handia zuen atzo eta pneumonia duela baieztatu du gaur auzi medikuak; Olatz Egiguren auzipetuak bertigoak eta bizkarrezurreko min handiak ditu epaiketara bidean izan zuten itripuaren ondorioz; Andoni Diaz auzipetua bizkarrezurreko hernia duen jakiteko frogak egiten ari da; Jose Ramon Antxia auzipetuak antsietatea eta ultzera ditu.
Gaixo zeudela azaldu zutenekin Auzitegi Nazionaleko auzi medikuak atzo izandako jarrera salatu du, bidenabar, Todak, bereziki, Egibarrekin izandakoa. Izan ere, 40 graduko sukarra zuen arren saioan egotera behartu zuten, eta gero Madrilgo erietxe batera bidali zuten egiaztatzeko frogak egitera. Sei orduz frogak egiteko zain egon behar izan zuen ospitalean, ondoezik.
Osasun arazoak salatzeaz gain, datorren larunbatean Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin du epaitegiaren atarian Toda auzipetuen bozeramaileak. Herritar guztiei egin die protesta ekitaldi horretan parte hartzeko deia, eta "guztien artean" epaiketa bertan behera uztea eta, are, Auzitegi Nazionala desegitea lortuko dela aldarrikatu du.
'18/98 auzia'
Iñigo Elkoro beste epaiketa batean epaitzea erabaki du epaimahaiak
Arantza Zulueta abokatuak gripe handia eta Mikel Egibar auzipetuak pneumonia dutenez, datorren astelehena arte (hilaren 20a) '18/98 auziko' epaiketa etetea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak. Era berean, hesteetako gaitz baten ondorioz sendatzeko gutxienez bizpahiru hilabete behar dituen Iñigo Elkoro auzipetua beste epaiketa batean epaitzea ebatzi du. Nolanahi ere, ez du aintzat hartu defentsako abokatuen eskaria: Elkorok beste auzipetuen deklarazioetan egoteko eskubidea duela aintzat hartuta, hura sendatu arte epaiketa bertan behera uztea. Egoera horiek guztiak tarteko, epaiketa osasunean eragiten ari zaiela salatu dute auzipetuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu