Nahiz eta baliabide gutxiago izan, hezkuntzan inbertitzeak "lehentasuna" izango duela adierazi du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. "Hezkuntza herriaren apustua da. Hezkuntzan inbertitzea Euskadiko etorkizunean inbertitzea da". Bilbon gaur goizean egin ditu adierazpenak lehendakariak, Kalitatea Hezkuntzan sarearen sari banaketako ekitaldian.
"Hezkuntza Eusko Jaurlaritzaren apustua da", nabarmendu du Urkulluk. "Hezkuntza gazteriaren garapenerako beharrezko zerbitzua da. Erkidegoaren garapenerako ere beharrezkoa da". Hezkuntzako sektorean lanean ari direnen aldeko "konpromisoa" baloratu du lehendakariak: "Hezkuntzaren kalitatea, parte hartzea eta sektoreko profesionalen etengabeko hobekuntza funtsezkoak dira".
Urkulluk berak eta Ricardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzako Ogasun sailburuak joan den astean azaldu zuten hezkuntza Jaurlaritzaren "lehentasunezko" arloen artean dagoela. Gatzagaetxebarriak iragarri zuen hizkuntz politikan eta kulturan "handiagoa" izango dela mozketa, "lehentasunezko" gisa osasuna, hezkuntza eta gizarte babesa hartuko baitituzte.
Zurrumurruak etengabekoak dira, baina Jaurlaritzak ez du zenbakietan sartu nahi. Orain artekoari irmo eusten diote: lehentasuna da "oinarrizko zerbitzuei" eustea da osasunean, hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan. Hortik kanporakoa zenbat murriztuko den zehazteko dago oraindik ere.
Aurrekontu proiektua, hurrengo asterako
Datorren martxoaren 12an aurrekontu proiektua onartzeko asmoa du Urkulluren gobernuak. Eusko Jaurlaritzak 9.200 milioi euroko aurrekontua izango du, iaz baino 1.200 milioi gutxiago; %11,5eko murrizketa da. Aurrekontuaren bi herenak osasun sailaren zerbitzuei, hezkuntza sailaren zerbitzuei, diru sarrerak bermatzeko funtsari eta enplegu publikoari eusteko baliatu nahi dituzte, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak pasa den astean jakinarazi zuenez.