Asko dira gure artean. 10.000 ijito baino gehiago bizi dira Bizkaian, Kale Dor Kayiko elkartearen kalkuluen arabera. Baina ezezagunak dira herritar gehienentzat. Haiekiko irudi okerra dago, oro har, eta urrutitik begiratzen zaie. Estereotipoen zama bizkar gainean sumatzen dute Bizkaiko ijitoek. Baztertuta sentitzen dira. Eta horixe hausteko baliatu nahi dute gaurko eguna, Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna.
“Kulturen arteko elkargunea sortu nahi dugu”, azaldu du Oscar Vizarragak, Kale Dor Kayiko ijitoen Bizkaiko elkartearen Kanpo Harremanetarako zuzendariak. Elkarbizitza sustatzea jarri dute helburu, eta “leku enblematikoa” aukeratu dute, horregatik, egun handia ospatzeko, euren festa partekatzeko. Bilboko Plaza Barrian egingo dituzte ospatu eta aldarrikatzeko ekitaldiak. Elkarbizitzaren izenean, bertaratzeko deia egin diete herritar guztiei.
Haurrek elkar ezagutzeko
Errespetua, elkar ulertzea eta bizikidetza lortzeko urratsak egin nahi dituztela eta, eguna jolasean, kantuan, dantzan eta mahaiaren inguruan ospatuko dutela iragarri dute. Eta etorkizuna haurren esku egongo dela jakitun, haiek ere lagun egiteko ahalegin berezia egingo dute. 10:30etik 13:00era, ijito kultura ezagutzeko tailerrak eta jolasak egingo dituzte Plaza Barrian. “Ijitoak eta payoak kalean elkartu daitezela nahi dugu; elkarrekin jolastu daitezela, elkarrengana gerturatu eta elkar ezagut dezatela”, dio Vizarragak. Helburu horrekin izango dira hainbat eskolatako haurrak plazan. “Gurekin elkarlanean aritzen diren eskola guztiak gonbidatu ditugu”.
Eguerdian egingo dute eguneko ekitaldi nagusia: Errekako Zeremonia. Gaurko egunez mundu osoko ijitoek egiten duten jarduna da, haien izaerari balioa eman eta pasa izan dituztenak gogoratzea ardatz duena. Erreken inguruan bildu, eta loreak jaurtitzen dituzte uretara, ijitoek mendeetan izan dituzten abiatzeak oroitzeko. “Batzuek uste dute gogoak eman digulako izan garela nomadak, baina %90ek kanporatzeen ondorioz ibili behar izan dugu alde batetik bestera”, ohartarazi du. “Inon ongi etorria izan ez den herria gara”.
Kandelak piztuta oroituko dute jasan izan duten errepresioa. Ijito izateagatik hil dituztenak omenduko dituzte. “Kontzentrazio esparru nazietan 600.000 ijito hil zituzten, baina inor ez da horretaz gogoratzen. Hildako juduek aitortza izan dute; ijitoek ez. Eta milaka eta milaka hil zituzten”.
Urtero bezala, mundu osoko leku askotan errepikatuko dute zeremonia gaurkoan. Bizkaian, modu sinbolikoan egingo dute. Errekara joan ordez, Plaza Barrian bertan alfonbra handi baten bidez irudikatuko duten errekara jaurtiko dituzte loreak eta piztuko kandelak. Halaber, ijitoen bandera erakutsi eta ereserkia kantatuko dute.
Ondoren, 14:00ak aldera, herri bazkaria egingo dute plazan bertan. Eta, jakina, musika, kantua eta dantza ez dira faltako. “Ijito giroa egongo da, eta jendeak gurekin partekatu ahal izango du jaia ordu batzuetan”. Bazkalondoren, amaitutzat emango dute eguna, Plaza Barrian behintzat.
Odola eta aitortza
Euren egunaren berri ematerakoan, ijitoen nolakotasunari buruz ere aritu da Vizarraga. Ijitoa irekia dela dio. Ateak beti zabalik izaten dituela. “Gure artean itxi bagara, bola-zomorroaren efektuagatik itxi gara; egin zaigun minak eragindako mesfidantzagatik”. Ondorioz, familian “oso zentratuta” bizi direla aitortu du. Harrotasunez dio hori. Izan ere, berebiziko garrantzia du familiak ijitoengan; hurbileko familiak, eta familia handiak. Horixe erakusten dute “idatzi gabeko arauek” ere: “Ijitoa izateko bi gauza dira funtsezkoak: ijito odola izatea eta komunitateak ijito gisa aitortzea. Ijito batek gure balioak galtzen baditu, nagusiekiko errespetua edota emandako hitza galtzen baditu, adibidez, deserriratua izan daiteke, eta komunitateak ez du bere barnean hartuko”.
Beste kultura askotan nekez ulertuko diren “hiru zutabe” ditu idatzi gabeko arau sortak: “patriarkatua, patrinialitatea eta piramidalitatea”. Alegia, euren barne antolaketaren egituran adinekoek dute botere gehien, gizonezkoek emakumeen aurretik, eta ezkontzak familiakoen artean egitea lehenesten da; lehengusuen artean, batik bat. Ezkontzak familia desberdineko kideen artean izanez gero, gizonezkoaren familian txertatuko da emakumezkoa. “Une horretatik, familiako beste bat da; beste alaba bat bezala”. Ezkondu beharra eztabaidaezina da, eta sexu berekoen arteko ezkontza, pentsaezina.
Hizkuntzaren lotura
Hizkuntzak ere egiten du ijitoa ijito. Europa mendebaldekoek caloz hitz egiten dute, baina bada mundu osoko ijitoak elkar ulertzeko beste hizkuntza bat: romania. Vizarragaren esanetan, jatorria sanskritoan duen hizkuntza da, eta jatorri bera du euskarak ere. Kale Dor Kayiko elkarteko kidearen arabera, zenbait hitz eta egituratan antzekotasun asko dituzte, horregatik, euskarak eta romaniak.
Baina bada euskal ijitoen hizkera berezitua ere: erromintxela. Romaniaren hiztegia eta euskararen gramatika uztartzen dituen hizkuntza da, bertan bizi izan direnek belaunaldiz belaunaldi transmititu eta egokitu dutena. Vizarragaren esanetan, 1.500 ijito inguru dira Euskal Herrian erromintxelaz mintzatzen direnak.