Nafarroako Gobernuak euskaltegiekiko eta euskararekiko duen jarrera salatu dute gaur goizean AEK-ko eta IKAko ordezkariek. 2013. urteko aurrekontuetan, 245.000 euroko kontu-saila onartua zuen UPNren gobernuak. "Baina 2012ko urritik gaur arte ez dugu euro bakar bat ere jaso, UPNren gobernuak ez baitu diru-laguntzak banatzeko deialdirik egin nahi izan", adierazi du Helios del Santo Nafarroako AEK-ko bozeramaileak. Gobernuak diru laguntza hori kudeatzeko zuen teknikaria kendu egin du, gainera.
"Nafarroako AEK-k eta IKAk salatu nahi dugu Euskarabideak daraman hizkuntza politika negargarri eta suntsitzailea". Egoera horren aurka protesta egiteko, abenduaren 11rako elkarretaratzea antolatu dute, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren inguruan.
"Argi adierazi nahi dugu herritarrak euskalduntzen segitzeko asmo tinko eta irmoa dugula orain arte bezalaxe, nahiz eta UPNren gobernua Nafarroako AEK eta IKA itotzen saiatu", azaldu dute euskaltegietako kideek. "Badakigu orain arte bezala, nafarrek lagunduko gaituztela gure zereginetan".