Inoiz baino garestiago bihurtu da NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikastea. Espainiako Hezkuntza Ministerioaren irizpideei jarraiki, unibertsitate tasak nabarmen igo ditu Nafarroako Gobernuak: NUPen kalkuluen arabera, 2012-2013ko ikasturtean matrikulatu diren ikasleen diru ekarpena %44 igo da batez beste. Errepikatzaileek eta graduondokoetako ikasleek bereziki jasango dute garestitzea, eta matrikulazioetan eragin dezakeen beldur dira Errektoretza Taldean. «Ikasle edo familientzako zama bihurtuko badira, ezin dugu tasen igoerak ontzat baloratu», adierazi du NUPeko Ikasleen errektoreorde Paloma Virsedak; «Badakigu unibertsitatea ez dela gizarte arazoetatik isolatutako uharte bat, baina murrizketek mugara eramaten gaituzte».
Atzoko grebako kexa nagusietako bat izan zen tasen igoera, eta NUPen egoerak eragindako haserrea neurtzeko termometroa izan zen mobilizazioek Nafarroan izandako erantzun zabala: ikasle talde guztiek protestekin bat egin zuten, eta tasak jaistea izan zen eskari zehatzetako bat. Unibertsitatean sartzea eta ikasten jarraitzea oztopatuko baitu gobernuaren erabakiak. Ikasleek eurek atzo salatu zuten aurtengo matrikula batzuek 5.000 euroak gainditu dituztela.
Graduen prezioa %34 hazi da batez beste. Ikasgai bateko lehen matrikulazioa %4 igo da, aurreko ikasturtean bezala. Hortik aurrerako deialdietan igoera askoz handiagoa da: bigarren matrikularen prezioa bikoiztu egin da, hirugarren matrikularena laukoiztu, eta laugarrenarena seikoiztu.
Kaltetuenak, beraz, ikasgai bat lehen aldiz izena emanda gainditzen ez dutenak. Adibidez, Zuzenbide graduan —esperimentaziorik gabeko ikasketak merkeagoak dira—, lehen matrikulan 15,70 euro ordaindu behar da kreditu bakoitzeko, baina laugarren matrikulazioan 94,22ra igo da kreditu bakoitzaren prezioa; iaz 22,65 eurokoa zen zenbatekoa. Hala, orain, sei kreditu dituen irakasgai batean laugarrenez matrikulatzeagatik 565 euro pagatu beharko dute ikasleek, lehen matrikulan baino 470 euro gehiago.
Ikasketa esperimentaletan daudenentzat garestiagoa izango da izena ematea, eta areago suspenditzea: Telekomunikazio Ingeniaritzako kreditu bakoitzak 22,24 euro baliodu lehen matrikulan, eta 133,41 euro laugarrenean; asignatura batean laugarrenez izena emateagatik, beraz, 800 euro ere ordaindu beharko dute.
EHU Euskal Herriko Unibertsitatean 130 euro ordainduko lituzke Zuzenbideko ikasle batek egoera berean, eta 171 euro Ingeniaritzako batek. Izan ere, inguruko unibertsitate publikoetan baino nabarmen garestiagoa da NUPen ikastea. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, KPI baino ez die erantsi EHUren tasei, %2 inguru: Zuzenbideko ikasturte bakoitzeko 60 kredituek 821,4 euro balio dute EHUn (13,69 euro kreditu bakoitzak), eta 942 euro NUPen.
Masterren prezioak ere asko hazi dira Nafarroan, %52 batez beste. Lanean aritzeko nahitaezkoak diren graduondokoetan —irakasle eta abokatu jarduteko—, hirugarren matrikulatik aurrera antzematen da gehien igoera. Gainerakoetan, ordea, iaz baino %66 garestiagoak dira aurten tasak: kreditu bakoitzak 43,75 euro balio du lehen matrikulazioan, eta 71,09 euro bigarrenetik aurrera. Hala, urtebeteko master gehienak (60 kreditu) 2.625 euro kostako dira, iazko 1.577 euroen ordez.
Aldea horren handia izanda, erreakzioa berehalakoa izan da: masterretako ikasle kopurua %15 jaitsi da ikasturte honetan. «Krisi garaietan, trebakuntza luzatu eta sakondu nahi izaten dute ikasleek, baina prezioak hain altu egonda, ulergarria litzateke masterretako matrikulazioen beherakada haiei egoztea», azaldu du Virsedak. Joera hori graduetan berretsiko den aztertzen ari dira oraindik NUPen,matrikulak bertan behera uzteko epearen barruan baitaude ikasleak.
Hartara, tasen igoera neurri eraginkorra izan daiteke Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroaren asmoak gauzatzeko. Bere ustez, ikasle «gehiegi» dago unibertsitatean, besteak beste, «doan» delako goi mailako hezkuntza, eta prezioak igoz mugak jarri nahi dizkie ikasleei. Virseda ez dator bat balorazio horrekin: «Bere nahia ez betetzea espero dut; dirua ez dadila izan unibertsitatetik kanpo geratzeko arrazoia».
Ehun irakasle gutxiago EAEn
Unibertsitateaz kanpoko hezkuntzako murrizketak ere hizpide izaten ari dira egunotan. Oraingoan Eusko Jaurlaritzaren jarduna salatu du CCOO sindikatuak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako lan taldeen datuak aztertu ostean. 122,5 irakasle lanpostu gutxiago egongo da 2012-2013ko ikasturtean: «Zifra hori ez dator bat doikuntzen eufemismoarekin; mozketa bat izan da».
Lehen Hezkuntzan irakasle gehiago diharduten arren, Bigarren Hezkuntzatik eta aniztasunerako programetatik 200dik gora plaza kendu dituztela zehaztu du CCOOk. «Egungo egoeran, langileak gutxiago haztea onar zitekeen, ikasle kopuruak maila guztietan gora egin duen arren. Baina murriztea onartezina da, are gutxiago hezkuntzako inbertsioa txikitu ez dela argudiatzen denean».
Ikasgai bategatik 800 euro ere paga dezakete NUPen
Ikasleek salatu dute matrikula batzuek 5.000 euroak gainditu dituztela, tasak %44 igo baititu gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu