Horrezaz gainera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako DBHko ikasleen artean bullying-aren indizea %3,7koa dela ondorioztatu du azterketak. Hau da, ISEIk inkesta egin zuen astean ikasleen %3,7k onartu zuten horrelako erasoren bat edo gehiago jasan zituztela: ostikadak jaso zituzten; egurtuko zituztela, dirua kenduko zietela, min egingo zietela edo zerbait apurtuko zietela esan zieten, edo jipoitzen saiatu ziren.Iztuetak esan zuenez, ez da komeni azterketaren emaitzak beste herrialde batzuetan egindako azterketekin alderatzea, neurketa sistema ezberdinak erabili dituztelako. Dena den, Eskandinaviako herrialdeetan eta Ingalaterran egindako azterketen emaitzak gogoratu zituen: batean ikaskideengandik ikasleen %5ek jasaten dituzte tratu txarrak, eta bestean, berriz, % 4k. Baina azterketa horiek zaharrak direla azpimarratu zuen Hezkuntza sailburuak.ISEIk egindako azterketaren arabera, DBHko lehen eta bigarren mailetako ikasleak dira ikaskideen aldetik tratu txar edo jazarpen gehien jasaten dutenak %5,5ek eta %4,3k, hurrenez hurren, eta hori ikusita, Lehen Hezkuntzako ikasleen artean ere azterketa egiteko asmoa dauka Hezkuntza Sailak. Iztuetak esan zuenez, udaberrirako prest izango dira azterketa horren emaitzak.Inkesta bete duten ikasleek agertu dutenez, erasoren bat dagoenean lagunek hartzen dute parte handiena, kasuen %42an, hain zuzen. Parte-hartze txikienetakoa irakasleek dute (%12koa), nahiz eta erasoen %60 gelan bertan izan. Anjeles Iztuetak ez zuen horren inguruko baloraziorik egin gura izan. «Oraindik goiz da horrelako ondorioak ateratzeko, baina argi daukagu azterketa honetatik abiatuta hainbat neurri proposatuko ditugula», adierazi zuen Hezkuntza sailburuak.
-
JOKINEN HERIOTZA
Bi lekukok deklaratu dute Donostian
Hondarribiko Talaia institutuko Jokin Zeberio ikasleak bere buru hil ondoren erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Sailak azterketa egitea, eta atzo, haren kasua eta haren senideak gogora ekarri zituen Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburuak. Hain zuzen, Hondarribiko gaztearen inguruan deklarazioak jasotzen ari da Gipuzkoako Fiskaltza. Herenegun, Talaia institutuko ikasle bik deklaratu zuten, lekuko gisa (ez dira Jokinen ikasgelako ikasleak). Efe agentziaren esanetan, bietako batek azaldu zuenez, ustez Jokin jazartzen zuten ikasleetako bat ikusi zuen Jokini «zaplazteko bat ematen» eta beste batek, berriz, bultza egin zion. Beste lekukoak ere ikusi zituen ikaskideak Jokini zaplaztekoak ematen, baina txantxetan eta Jokini minik emateko asmorik gabe. Bi ikasleek adierazi zutenez, ez zuten Jokinek ikaskideen aldetik jasaten zuen ustezko jazarpenaren berririk.