Ohar bateratua atera dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle erakundeek eta sindikatuek, Jaurlaritzak aurrekontuen aurreproiektuetan jakinarazitakoaren arabera unibertsitatean egin asmo dituen murrizketak gaitzesteko. Unibertsitate zerbitzu publikoaren defentsan murrizketarik ez UPV/EHUn izena jarri diote manifestuari. Ikasle Abertzaleek, Ikasle Kontseiluak, Lurgorrik eta ELA, CCOO, EILAS, LAB, UGT ETA CSI-CSIF sindikatuek izenpetu dute idatzia. Harago ere egin dute beren ondoeza azaltzeko. Aditzera eman dutenez, bilerak eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eta EHUko ErrektoreTaldeari; murrizketen auzia zertan den argitu eta konpromisoak eskatu nahi dizkiete. Jasotako erantzunen arabera erabakiko dute zer egin aurrerantzean. Nolanahi ere, abisu emandute: «Ez dugu baztertzen mobilizazio neurriak hartzea abenduan».
Hilaren 17an LAB sindikatuak salatu zuen aurten murrizketak izango direla: EHUri Jaurlaritzak hitzartu baino 17 milioi gutxiago emango zizkiola, hain justu. Hezkuntza Sailak ere berretsi zuen datua. Murrizketaren itzala ikusirik, unibertsitatean inbertitzea «ezinbestekoa» dela azaldu dute sindikatuek eta ikasle erakundeek. Alde horretatik, unibertsitatera bideratutako aurrekontu sailak handitzeko eskatu dute, Europako batez bestekora heldu arte —%1,5 da, hain zuzen ere—. Unibertsitate autonomia bermatzeko aurrekontu nahikoa izateko eskatu dute, eta unibertsitate azpiegituren hobekuntza bultzatzeko ere bai. Era berean,ohartarazi dute eutsi egin behar zaiola unibertsitatearen egungo euskalduntze prozesuari; agerian utzi dute oraindik zeregin handia dagoela nola langileak trebatzeko ikastaroetan, hala ikasmateriala euskaratzeko orduan.
Oroitarazi dute ezinbestekoa dela ikasleentzako baldintza «duinak» ziurtatzea ere, ikasteko eskubidea bermatzeko: adierazi dute beharrezkoa dela azpiegitura egokiak eta estudianteen premiak asetzeko adina garraio eta egoitza izatea. Halaber, esan dute beste hainbat eskari ere aintzakotzat hartu behar direla ikasteko eskubidea bermatzeko: tasak eta prezioak ez igotzea, beken zenbatekoa handitzea, campus mailako tituluetan murrizterik ez egitea, eskaera nahikoa duten ikasketen ezarpena baliabide faltagatik ez atzeratzea, eta unibertsitatearen euskalduntze integralari eustea, hain zuzen.
Langileen eskubideen alorrean, berriz, lan baldintzak arautzeko akordioa eta lan itunak betetzeko eskatu dute, 2010etik datorren soldata zorra onartzeko eta erosahalmena berreskuratzeko. Itundutakoa betetzeko eskatu dute, eta murrizterik ez ezartzeko ordezkapenetan eta aurretik iragarritako lanpostuen zerrenda handitzeetan; alegia, LEPetan.
Parte hartzearen alde
Lan ildo horretan sakondurik, aurrekontu «parte hartzaileak» eskatu dituzte. EHUko aurrekontuak osatzeko garaian sindikatuekin eta ikasle erakundeekin kontsultak egiteko eskatu dute, eta, aditzera eman dutenez, bide horretan egin dituzte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin eta Errektoretzarekin biltzeko egiteko eskakizunak.
Ikasle erakundeak eta sindikatuak bat EHUn, murrizteen aurka
Jaurlaritzarekin eta errektore taldearekin bildu nahi dute; ez dute baztertzen mobilizazioen bidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu