Pandemiak gogor jo duen duen beste gizataldeetako bat da ikasleena, EGKren arabera. Joan den ikasturtean ezarritako konfinamenduaren ondorioz, ikasle etxeak utzi eta familiaren etxera bueltatu behar izan zuten gazte askok, nahiz eta alokairua ordaintzen jarraitzea tokatu askori. Kontseiluak administrazioari eskatu dio ikasleei diru laguntzak emateko; izan ere, “ohiko etxebizitzen alokairuak ordaintzeko, administrazioak diru laguntzak eskaini zituen, baina ikasle pisuak laguntza horietatik kanpo gelditu ziren”.
Hezkuntzaren eta etxebizitzaren lan arloetatik abiatutako #IkaslePisuakZer kanpainak horien beharrizanak jaso ditu, eta EGK-k horiek beteko dituzten neurriak ezartzeko eskatu dio administrazioari. Eskatutako neurrien artean, hauek, besteak beste: ikasleak kontuan hartuko dituzten partaidetza espazioak sortzea, ikasleei jakinarazpenak ahalik eta azkarren helaraztea, eta laguntza ekonomikoetan neurriak gehitzea.