Akusatuaren deklarazioarekin hasi da gaurko saioa, Bizkaiko Probintzia Auzitegian. 2008-2009 eta 2009-2010 ikasturteetan orduan 12-13 urte zituen gazte bati, ustez, irakasle batek egindako sexu abusuak epaituko dira. Akusatuak ukatu egin du gazteaz abusatu izana. Aitortu du ikasle harekin ohi baino denbora gehiago igaro zuela tutoretzetan, baina esan du ikasle txarra zelako izan zela. Gehitu du beste ikasle batzuei ere antzeko denbora eskaini ziela. "Ez zituen azterketak prestatzen, eta gurasoek ikastetxea egiten zuten semearen nota txarren erantzule. Beraz, nik ikasteko presio egiten nion, bestela arazo bat izango genuen, berak, nik eta ikastetxeak". Uko egin dio akusazio partikularren galderak erantzuteari.
Biktimak deklaratu du ondoren, zuresi baten atzean. Salaketa berretsi du. Fiskalak eta defentsak hainbatetan galdetu diote ea zergatik ez zuen lehenago kontatu; zergatik hasieran soilik salatu zituen ikaskideen erasoak. "Beldurragatik", erantzun du. "Hasieran ez nuen orain dudan indarra. Eta, bukaera aldera, lotsa ere sentitzen nuen". Esan du gaur egun erruduntasun sentimendua duela, ez zuelako ihes egiten irakasle ohiaren bulegotik.
Fiskalak hiru urteko espetxe zigorra eskatu du, eta 40.000 euroko kalte ordaina. Familiaren abokatuak hamar uteko zigorra eskatu du. Defentsak, berriz, absoluzioa nahi du. Goizeko saioan gaztearen kontakizunean egon diren kontraesanak azpimarratzen saiatu da.