Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila irakaskuntza publikoan egiten ari den «murrizketak» salatu dituzte ELA, LAB eta EILAS sindikatuek. Negoziazio mahaian gehiengoa izan arren, euren aurkako botoarekin onartu zen iaz lan hitzarmen berria. Akordio horren bidez, Jaurlaritza irakaskuntza publikoko lan taldea murrizten ari dela ohartarazi dute, eta ordezkapenak hasteko epeak atzeratu egin dituela.
Iaz baino ikasle gehiago daude irakaskuntza publikoan. Irakasle kopuruak, ordea, ez du gora egin era berean, eta kasu batzuetan behera egin du. Sindikatuek hainbat datu eman dituzte. Haur eta Lehen Hezkuntzan, esaterako, iaz baino 6.464 ikasle gehiago matrikulatu dira irakaskuntza publikoan. Aurreko ikasturteetako irakasle eta ikasgelen arteko proportzioari eutsiz, 350 irakasle gehiago behar dira ikasturte honetan. Jaurlaritzak, baina, 80 baino ez ditu kontratatu. Bigarren Hezkuntzan egoera larriagoa da oraindik. 2.121 ikasle gehiago daude, eta igoera horri aurre egiteko, iaz baino 400 irakasle gehiago beharko lirateke. Hezkuntza Sailak, ordea, 262 irakasle kendu ditu. Horrek irakaskuntzaren kalitatean «eragin nabarmenak» izango dituela azaldu zuen atzoko agerraldian LAB sindikatuko Iker Elexpuruk.
Hala, kaltetu nagusiak irakasleak ez ezik, ikasleak, horien gurasoak eta, oro har, gizarte osoa ere badela ohartarazi zuen. Bestetik, irakasle bat gaixo dagoenean edo baimena hartzen duenean, ordezkoa jartzeko behar diren baldintzak aldatu ditu aurten Jaurlaritzak, sindikatuen arabera: lehen baino egun bat gehiagoz huts egin beharko du irakasle horren ordezkoa jartzeko, eta, gutxi gorabehera, bosgarren edo seigarren egunetik aurrera jarriko da ordezkoa.
Horrek guztiak ikasleengan eragin zuzena izango duela erakusteko, adibideak jarri zituzten. «Demagun Batxilergoan Filosofiako irakaslea falta dela. Ikasleak ez dira bakarrik geratuko; beste irakasleren bat izango dute ordu horietan eurekin. Filosofia eskolarik, ordea, ez dute jasoko. Eta egin kontu urte bukaeran selektibitateko azterketa izango dutela», ohartarazi zuen Elexpuruk.
Protestak, gaur
ELAko Xabi Irastorzak, berriz, ohartarazi zuen murrizketek ikastetxeetako lana zaildu eta korapilatu egiten dutela. Horregatik, euren egoera salatzeko deia egin zien ikastetxeei. «Batzuk egiten ari dira, eta horretan jarraitzera animatu nahi ditugu. Besteetan geu saiatuko gara horretarako bitartekoak jartzen». Gertatzen ari dena gurasoei kontatzeko ere eskatu zien zuzendariei.
Mobilizazioak iragarri dituzte. Gaur bertan elkarretaratzeak egingo dituzte Hezkuntza Sailak Bilbon, Donostian eta Gasteizen dituen ordezkaritzetan (13:00). Guraso eta ikasleei ere parte hartzeko eskatu zieten. Abenduaren 22an ekintza ikusgarriago bat egiteko asmoa dute, eta ez dute greba deialdia baztertzen.
Ikasleak ugaritu arren Zelaa lan taldea murrizten ari dela salatu dute
Sindikatuen arabera, DBHn 400 irakasle gehiago behar dira, baina Eusko Jaurlaritzak 262 kendu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu