Ikasle greba

Ikasleek greba egin dute hezkuntza sistema propio baten alde

Bilbon, Baionan, Donostian, Iruñean eta Gasteizen egin dituzte mobilizazioak, 'Gora ikasleon borroka!' dinamikak deituta.

Baionako lizeoko ikasleek egin duten protesta. GUILLAUME FAUVEAU / LE JOURNAL
Irati Urdalleta Lete.
2019ko azaroaren 28a
16:27
Entzun

Euskal Herriko ikasleek greba egin dute gaur, hezkuntza eredu propioa, publikoa, euskalduna, feminista eta denentzakoa aldarrikatzeko. «Gora ikasleon borroka!» dinamikak deituta, Bilboko, Baionako, Donostiako, Iruñeko eta Gasteizko kaleak hartu dituzte.

Salatu dutenez, Frantziako eta Espainiako hezkuntza sistema «elitista, matxista, merkantilista, antidemokratiko, atzerakoi eta segregatzaileek» menpean dauzkate euskal ikasleak, eta ez diete erantzuten euskal ikasleen «beharrei». Horrez gain, Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek aldarrikatu dute eskubidea daukatela baxoa euskaraz egiteko, Frantziako banderako maskarak hautsiz eta baxoa euskaraz egitearen aldeko kamisetak erakutsiz.

Ziurtatu dute ikasle mugimenduak hezkuntza sistemetan «arrakalak sortzen eta handitzen» lan egiten dutela egunero, egoera horri aurre egiteko. «Izan ere, borroka txikien bidez lortuko ditugu garaipen handiak, eta, horretarako, lanean jarraituko dugu hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko pausoak emanez», nabarmendu dute.

Greba Gora Ikasleon Borroka plataformak antolatu du, eta elkartasuna adierazi diote, besteak beste, LAB sindikatuak, Bilgune Feministak, eta Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.