Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako lehen hezkuntzako ikasleak gaur itzuli dira eskoletara. Astelehenean bigarren hezkuntzakoek hartuko dute bide bera.
Frantziako irakaskuntza publikoko sareak, eskola kristauek eta Seaska ikastolen elkarteak egindako aurreikuspenen arabera, gaur ikastetxeetara itzuli diren ikasleen %6 dabiltza euskarazko ereduan, hots, ikastoletan. %29k, berriz, irakaskuntza elebiduna jasoko dute, sare publikoan zein ikastetxe erlijiosoetan. Publikoan %23,3 dira eredu elebiduna aukeratu dutenak, eta kristauetan %28.
Orotara, 24.991 dira lehen hezkuntzako ikasleak Ipar Euskal Herrian. Horietatik, 7.259 dira eredu elebidunean dabiltzanak eta 1.498 euskarazko ereduan ari direnak.
Azken urteetan gora egin du eredu elebidunean zein euskarazkoan ari diren ikasleen kopuru zein proportzioak. Duela 4 urte %24,48 ziren elebidiunean zebiltzanak eta %5,72 euskarazko eredukoak.
Bestalde, Frantziako Hezkuntza Ministerioak irakasle eta hezkuntzako langileen kopurua murrizteko asmoa duela eta, aurten ere eztabaidatsua gertatzen ari da eskola sartzea. Oro har, 2008an Frantziako Estatuan 11.000 lanpostu kentzeko asmoa duela iragarri du, eta, dagokion heineko murrizketa egingo dute Ipar Euskal Herrian.
Orain, 2007ko irakasle kopuru berarekin hasiko dira, baina aste batzuren buruan doiketak egingo dituzte behin betiko ikasle kopurua zehaztean.
Murrrizketen aurka, eta, oro har, hezkuntzarako baliabideak gutxitzen ari direla iritzita, ikasgelak okupatu dituzte gaur goizean gurasoek Ainhoan (Lapurdi). Angelun (Lapurdi) eta Donapaleun (Nafarroa Beherea) ere protestak iragarri dituzte.
Eskola sartzea Ipar Euskal Herrian
Ikasleen %6k ikasiko dute euskarazko ereduan eta %29k elebidunean
Aurreikuspen hori egin dute ikastetxeek. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako lehen hezkuntzako ikasleek gaur hasi dute ikasturtea. Frantziako Gobernua hezkuntzarako baliabideak murrizten ari dela eta, ikasgelak okupatu dituzte Ainhoako gurasoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu