Hezkuntza

Ikasleen onarpenerako dekretuaren zirriborroa erretiratzeko exijitu dute Nafarroan

2007ko urtarrilaren 26a
17:02
Entzun
Nafarroako sindikatuek eta hezkuntzako eragileek herrialdeko Gobernuak aurrera atera nahi duen ikasleen onarpenerako dekretuaren zirriborroa erretiratzeko exijitu dute, "bereizketa" sustatzen duelako. Haien ustez, "ikasle etorkinen distribuzioan desoreka dago: ikastetxe publikoetan biltzen dituzte eta, hala, kontzertatuetara joatea eragozten diete". Zirriborroak Iruñean bi zonalde erraldoi sortzea aurreikusten du eskola publikoetarako eta kontzertatuetarako, eta hori ez dute ondo ikusten, "desoreka handitu egingo litzatekeelako".

Sindikatuen eta hezkuntzako eragileen ustez, balizko dekretuak egoera gehiago okertuko luke. "Gaur egun, etorkinen %80k ikastetxe publikoetan ikasten dute, %20k kontzertuetan, eta etorkinen artetik %1ek baino ez du D ereduan ikasten. Datuak ikusita, ezberdintasun sozialak gainditzeko eta integrazioa lortzeko eskolaren papera funtsezkoa izan arren, zailtasun nabariak daude integrazio soziala eta eskolarra lortu ahal izateko", esan du EILAS sindikatuko Manolo Urrozek. Nafarroan etorkinen biztanleria herrialdeko %10 ingurukoa da.

Nafarroa osoan "eskolatze orekatua bermatzen dituzten neurriak jarri behar dira indarrean", haien iritziz. Behar bereziak dituzten ikasleentzat eta halakoen portzentai handia duten ikastetxeentzat "diskriminazio positiboa" egiten duten neurri zuzentzaileak ere ezarri beharko liratekeela esan dute.

Dekretu zirriborroaren kontra egin dute Nafarroan hezkuntza publikoan ordezkaritza daukaten sindikatu denek, LABek izan ezik.

LAB ere zirriborroaren kontra dago, baina. Sindikatu horrek esan du etorkinak ez direla "arazo" eta hezkuntzako beste eragileek hala planteatzen dutela. LABen ustez, etorkinen familia orok "askatasuna" eduki behar du eskola hautatzeko, auzokoa eta nahi duen hizkuntz eredukoa aukeratzeko "bermea" izanik, eta zirriborroak hori dena ez du bermatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.