Ikasleen orientazioaren gaineko gogoeta eskatu dute Angels Alegrek

Bolognako prozesuak eragindako aldaketen inguruan nola jardun aztertu dute EHUko ikastaroetan

Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Bolognako prozesuaren baitan zeuden herrialdeek 2007. urtean sinatutako Londresko Adierazpenak nabarmendu zuenez, hezkuntzak gizartean funtsezko egitekoa bete behar du. Horrek gazteen ezagutza mailari eta trebatzeari mesede egiten diola uste du Angels Alegre Ikasleari Arreta Eskaintzeko Espainiako Bulegoko zuzendariordeak, baina era berean, aldaketa handiak eragin ditu ikastetxeetan zein unibertsitateetan. Hori dela eta, ikasleen orientazioari buruzko «hausnarketa» eskatu du, unibertsitatearen aurretik izan ditzaketen arazoak ekiditeko.

EHUko udako ikastaroen barruan, Elena Bernarasek zuzentzen duen unibertsitate ohitura egokien orientazioari buruzko ikastaroan parte hartu zuen atzo Alegrek. Era berean, hezkuntzak aldaketak bizi dituela adierazi zuen hitzaldian.

Pedagogia eta hezkuntza

Bestalde, Jose Gimeno Valentziako (Herrialde Katalanak) unibertsitateko irakasle ohiak pedagogiak postmodernitatean duen eraginari buruz hitz egin zuen. «Ikasitakoa ahazten denean geratzen den hori da hezkuntza», adierazi zuen. Bere iritziz, ikastetxeetan irakasten denari zentzua emateko beharra du gizarteak.

Postmodernitateak, gizartean indarrean dauden balioak galtzearekin batera, kontsumismora eta norberekotasunera eramaten dugizakia, Gimenok azaldu zuenez. Galdutako balio horiek gizarte politika, politika ekonomiko eta hezkuntzari dagozkionak dira, hain zuzen.

Horri buelta emateko, duela zenbait urte hezkuntzak jarraitzen zituen hiru zutabe nagusietara itzuli beharra dagoela ikusi du Gimenok. Batetik, hezkuntza aurrerabide gisa ulertzeaz mintzatu zen, hobekuntza sozialak eta garapen pertsonala dakartzan aldetik. Bestetik, gizarte eta politika ereduek «etikoagoak» izan behar dutela erantsi zuen, gizarteratzeari eta berdintasunari lotuta. Azkenik, denbora eta espazio baten beharra dagoela azaldu zuen, bertan gizarteak transmititu duen informazio hori gordeta gera dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.