Ikastetxeetako protokoloa arindu dute Iparraldean

Hezkuntza arloko sindikatuek salatu dute egoera «kaotikoa» dela, eta greba eginen dute ostegunean.

Baionako ikastetxe bat, artxiboko irudian. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko urtarrilaren 11
11:18
Entzun

Jean Castex Frantziako lehen ministroak atzo iragarri zuen ikastetxeetako protokoloak «arinduko» dituztela. Urtarrileko sartzetik indarrean zen protokoloak «egoera kaotikoak» sortu dituela salatu dute hezkuntza arloko sindikatuek, eta horiei erantzuteko neurri zenbait arintzea erabaki du Frantziako gobernuak.

Lehenik, positibo ematen duten ikasleei begirako neurri bat arindu dute: orain arte, eskolan egindako auto-probak positibo ematen bazuen, gurasoek berehala etorri behar zuten ikaslearen bila. Hemendik goiti, eskola eguna bukatzea itxoiten ahalko dute burasoek haurraren bila etortzeko. Bigarrenik, hurbileko kontaktuen protokoloa arindu dute. Sartzetik, hurbileko kontatu izanez gero, hiru proba egin behar zituzten ikasleek: lehena, antigenikoa edo PCRa, berehala. Ondotik, beste bi autoproba egin behar zituzten, hurbileko kontaktu zirela jakin eta bigarren eta laugarren egunetan. Bada, aurrerantzean, egin beharreko hiru probak auto-probak izan daitezke. Farmazietan eros daitezke proba horiek, urririk, eskolaren agiria erakutsita. Bestalde, gurasoek haurraren probak negatibo ematen zuen aldi oro, agiri bat igorri behar zioten eskolari; orain, agiri bakarra bidaltzea nahikoa izanen da.

Hezkuntza arloko sindikatuek salatu dute «neurri txiki» horiek ez dutela egoera erraztuko, eta, beraz, ostegunerako greba deialdia atxiki dute. Baionan, erraterako, 11:00etan elkartuko dira, suprefetura aitzinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.