IKASTOLAK. NAFARROAKO EGOERA. Nafarroako eremu erdalduneko ikastolak, estualdian

Lau urte dira Viana, Lodosa, Tutera eta Irunberriko ikastolek legeztatzea lortu zutela, baina haizea kontra dute oraindik

mikel rodriguez
2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Duela lau urte, Nafarroako hegoaldeko ikastolek, legearen arabera eremu erdaldunean zeudenek, legeztatzea lortu zuten. Aspaldiko aldarrikapena bete zuten horrela Vianako, Lodosako, Tuterako eta Irunberriko ikastolek. Nafarroako ikastetxeen sarean sartzea lortu zuten. Horrela, gastu arruntetarako ituna lortu zuten, eta, gainera, Nafarroako Gobernuaren aldetik bortz urterako diru laguntza eskuratu zuten. Itxaropena piztu zen arren, lau urte geroago egoera zailean jarraitzen dute ikastola horiek, eta Lodosakoaren kasuan, egoera muturreraino larritu da. Bertze behin, erauntsiaren kontra borrokan ari dira Nafarroako hegoaldeko ikastolak, baina bertze behin ere, aitzinera aterako direla ziur da Peio Mariñelarena, NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria. «Ez dugu ikastola bakar bat ere itxiko».

Nafarroako Euskararen Legeak eremu erdaldun gisa hartzen duen lurraldean sei ikastola daude guztira. Tafallako Garces de los Fayos ikastolak eta Zangozako Rincon del Carmenek, baina, gaur egun ez dute gainerako lauren arazorik, 1990eko hamarkadaren erdialdean lortu zutelako egoera legeztatzea. «Pegenautek esaten zuen eremu erdaldunean ikastolak legeztatzea ezinezkoa zela, baina horrek kontrakoa erakutsi zuen», dio Mariñelarenak.

Pedro Pegenaute 2000tik 2007ra bitartean izan zen Nafarroako Gobernuko Hizkuntz Politikarako Zuzendaritza Nagusiko arduraduna. Haren aroaren amaieran legeztatu zituzten gainerako lau ikastolak, 2006an, eta 2010. urtera bitarte 1,7 milioi inguruko diru laguntza ematea onartu zuen Nafarroako Gobernuak. Laguntza horri, ordea, itunaren bidez jasotakoa kendu behar zitzaion, hortaz, urtero murriztuz joan zen. Itunetatik jaso beharreko laguntza erabakitzeko, gela bakoitzeko ikasle kopuru jakin bat edukitzea eskatzen du Nafarroako Gobernuak. Zentro txikiek, baina, ratio txikiagoak dituzte. «Ezin daitezke alderatu Iruñea bezalako hirigunea, eta landa gune bat, are gehiago azken hori eremu erdaldunean badago», dio Iñaki Duquek, Vianako Erentzun ikastolako lehendakariak. Ratioa, ordea, bera da guztientzat, eta, horregatik, zentro txikienek gutxiago jasotzen dute.

«Administrazioari ahalegin berezi bat egiteko eskatu genion», azaldu du Mariñelarenak. «Azken finean, eremu erdaldunean zerbitzu publikoa betetzen ari gara, euskarazko irakaskuntza publikorik ez dagoelako. Horrek tratu berezi bat merezi duela uste dugu, gastu arruntak gainditu ahal izateko gutxienez». Nafarroako Gobernuak, ordea, ez du laguntza gehiagorik bideratu.

2009an alarma gorria piztu zen Nafarroako hegoaldeko ikastolentzat. Nafarroako Gobernuaren laguntzak bukatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak ordura arte emandakoak etengo zituela erabaki zuen. «Motelago zegoen ikastolari, txikiena zenari, Ibaialderi, zulo bat egin zitzaion laguntza horiek etetean», azaldu du Mariñelarenak. Gainerakoek ere pairatu dute Jaurlaritzaren erabakia. Erentzun ikastolan, Vianan, egoerari aurrea hartzen saiatu zirela dio Duquek. «Urtebete lehenago laguntza horiek jaso gabe funtzionatu ahal izateko planteamendua egin genuen, eta gure baliabideak berregituratu genituen: lanpostuak, ordutegiak...». Hala ere, laguntzarik gabe aitzinera ateratzea «bideraezina» dela aitortu du Duquek.

Zailtasunekin, baina bizirik

NIEk, oraingoz, bi bide ditu estualdi ekonomikoari aurre egiteko. Bata, «elkartasuna» dela adierazi du Mariñelarenak. Zehazki, Lodosako ikastolaren kasuan eduki du horrek garrantzia. Nafarroako ikastoletako guraso eta bazkideek 240.000 euro bildu zituzten Ibaialde laguntzeko, eta azken Nafarroa Oinez ekitaldian bildutako diruaren %20 emanen diote. «Oso pozik gaude gure sareak erakutsi duen elkartasunarekin», dio Mariñelarenak. «Kontuan hartu behar da gainerako ikastolen finantza egoera ere ez dela oso ona, eta ahalegin handia da».

Bigarren bidea Espainiako aurrekontuetatik bideratutako laguntza da. Espainiako Gobernuak EAJrekin hitzartu zuen iazko abenduan bi milioi euro ematea Nafarroako ikastolei. Diru laguntza horrek ez du luzerako egoera konponduko, baina epe motzean sarrera garrantzitsua da. «Funtzionatzeko balio digu, baina aurrez berregituraketa egin genuelako», zehaztu du Duquek.

Une honetan, Tuterako, Vianako eta Irunberriko ikastolek egoera egonkorra dute, baina finantzaketa bide ziurrik ez edukitzeak zailtasunak ekar diezaizkieke etorkizunean. Tuterako Argia ikastolak -gaur egun Fontellas herrian dago- DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza behin-behinean legeztatua du, eta etorkizunerako erronka nagusia erabateko legeztatzea lortzea du. Horretarako, legeak agindu bezala, kiroldegia eraikitzen ari da. «Argia asko hazi da, eta proiektu sendoa da», dio Mariñelarenak. Azken urteetan gehien aurreratu duena, berriz, Irunberriko Arangoiti ikastola da. «Txikia da, eta arazoak dauzka besteek bezala, baina 2003ko Nafarroa Oinez-en ondoko laguntza historikoari esker, ongi iraun du». Vianan, bi erronka nagusi dituzte: 2007ko Nafarroa Oinez-en ondotik hasitako azpiegitura lanak bukatzea, eta 2008an sortutako ikastolaren fundazioa indartzea.

Egoera zaila den arren, etorkizunera begira baikor dago Mariñelarena, bertzeak bertze, legeztatu zirenetik, matrikulazioak igo egin baitira hegoaldeko ikastoletan. Agintariek ikastolen egoera konpontzeko inplikatu behar dutela aldarrikatu du. «Berdin zaigu zein politikari dagoen agintean. Administrazioak erantzukizuna du hezkuntzan».



Eremu erdalduneko ikastolak

ARANGOITI IKASTOLA

Herria. Irunberri.

Sorrera. 1980.

Ikasle kopurua. 69. Ikastolarik txikiena da.

Ikasketa eskaintza. Lehen Hezkuntza amaitu bitartean aritzen dira ikasleak.

Nafarroa Oinez. 2003. Eguraldi txarrak zapuztu zuen.

ARGIA IKASTOLA

Herria. Tutera-Fontellas.

Sorrera. 1985.

Ikasle kopurua. 222.

Ikasketa eskaintza. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu bitartean jardun dezakete ikasleek.

Nafarroa Oinez. 1995 eta 2002.

ERENTZUN IKASTOLA

Herria. Viana.

Sorrera. 1977.

Ikasle kopurua. 131.

Ikasketa eskaintza. Lehen Hezkuntza amaitu bitarte. Gero Lapuebla eta Oionera (Araba) joaten dira gehienak.

Nafarroa Oinez. 1992 eta 2007.

GARCES DE LOS FAYOS IKASTOLA

Herria. Tafalla.

Sorrera. 1970.

Ikasle kopurua 381.

Ikasketa eskaintza. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu bitartean aritzen dira ikasleak.

Nafarroa Oinez. 1986 eta 1997.

IBAIALDE IKASTOLA

Herria. Lodosa.

Sorrera. 2002.

ikasle kopurua. 79.

Ikasketa eskaintza. Lehen Hezkuntza amaitu bitarte. Gero Lizarrako ikastolara joaten dira ikasleak.

Nafarroa Oinez. 2001 (Lodosak eta Sartagudak batera).

RINCON DEL CARMEN IKASTOLA

Herria. Zangoza.

Sorrera. 1978.

Ikasle kopurua. 233.

Ikasketa eskaintza. Derrigorrezko Bigarren hezkuntza amaitu bitartean jardun dezakete ikasleek.

Nafarroa Oinez. 1987 eta 1998.





1.115

Eremu ez euskalduneko ikastoletan dauden ikasleak. NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteko datuen arabera, 6.325 ikasle daude Nafarroako ikastoletan, eta horietatik 1.115 eremu ez euskalduneko sei zentroetan banatuta daude. Nafarroako ikastoletako ikasleen %17,6 dira.





Eusko Jaurlaritzak laguntza eten zuenetik Ibaialdek elkartasunari esker iraun duela azpimarratu du Ana Mendizabal ikastolako lehendakariak.

Lodosan, euskara jokoan

M.R. Lodosa

Lodosako eta Sartagudako ikastolek elkarrekin antolatu zuten 2001eko Nafarroa Oinez, eta horri esker bat egin eta Ibaialde sortu zuten, Lodosatik Sartagudara doan errepidearen bazterrean. Eraikin dotorea da, eta berritasuna agerikoa duena, baina horren gibelean lan eskerga eta zailtasun ugari gordetzen ditu. Nafarroa Oinez-ek ez zuen eraikina ordaintzeko beste eman, eta orain 750.000 euroko hipoteka kreditua ordaintzen ari da ikastola. «Zor ekonomikoak ditugunean hori da trabarik handiena», dio Ana Mendizabal Ibaialdeko lehendakariak. Egoera hagitz larria bada ere, Ibaialde ez dela itxiko ziurtatu du, ikastetxe baten etorkizuna baino gehiago baitago jokoan Lodosan. «Haur hauek euskaraz hitz egingo dute».

79 ikasle ditu Ibaialdek, haurtzaindegian, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan banatuta. Denera, zortzi herritako haurrak hartzen ditu, Errioxako (Espainia) bi herritakoak barne. Eremu zabala da, eta horrek garraioaren beharra sortzen du; hor du Ibaialdek gasturik handiena: 38.000 euro. «Garraiorako jasotzen dugun laguntza bakarra Udalbidek emandakoa da. Ez du dena betetzen, baina gastua arintzen laguntzen digu». Garraioarekin batera, herrietatik hurbildutako haurrentzat beharrezkoa da jantokia edukitzea, baina zerbitzu hori finantzatzeko laguntzarik ez du Ibaialdek. «Erabiltzaileen gurasoek ordaindu behar dute. Horren eraginez, ikastolaren zerbitzua garestitu egiten da, eta inguruko herrietako gurasoek bi aldiz pentsatzen dute haurrak ikastolara ekarri aurretik».

Ibaialdeko ikasleek duten bertze eragozpen bat, behin ikastola utzita, euskaraz ikasten jarraitzeko zailtasuna da. 12 urterekin bukatzen dute Lehen Hezkuntza, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan euskaraz jarraitzeko aukerarik hurbilena Lizarrako ikastola da, Lodosatik 35 kilometrora. «Gurasoek ikastolaz gain, garraioa ere ordaindu behar dute». Horren eraginez, haur anitzek Lodosan bertan ikastetxe publikoan jarraitzen dute ikasketekin, gaztelaniaz.

«Irudi txarraren» beldur

Nafarroako Gobernuarekin duen itunarekin, Ibaialdek langileei ordaindu beharrekoaren zati bat betetzen du soilik, gela bakoitzeko ikasle kopuru txikia duelako. Hain zuzen ere, azken urteetan Lodosako ikastola ez da anitz hazi matrikulazioetan, eta ratio txikia mantendu du. Mendizabal beldur da azken urte honetako arazoek ez ote duten ikastolaren inguruan «irudi txarra» sortu. «Kalitateko hezkuntza eskaintzen dugu, baina beti Ibaialde ixtear dela errepikatzeak alarma sortzen du, eta horrek guraso anitz uxa ditzake».

Iazko abendutik, Nafarroako ikastoletako gurasoek emandako laguntzari esker iraun du Ibaialdek, Mendizabalek aitortu duenez. Orain, Espainiako Gobernuaren diru laguntza jasotzen ari da, «baina pixkana-pixkana iristen da, eta ez du ikasturte guztirako emango». Aitzinera egiteko gakoa «elkartasuna» dela sinetsita dago Mendizabal. Horren azken adibidetzat paratu du Atarrabiako Nafarroa Oinez-en bildutako diruaren %20 Ibaialdera bideratzea. «Horren erdia oparituta emango digute, eta beste erdia ahal dugunean itzuliko diegu», azaldu du. Oraingoz, Nafarroa Oinez Lodosara ekartzea ez du bideragarri ikusten. «Gure ikastolan 60 familia gara. Berez honi guztiari eustea zaila bazaigu, imajinatu Nafarroa Oinez-en azpiegiturari. Nafarroako hamabost ikastolak hemen egotea beharko genuke. Gaur egun ditugun arazoekin ez dugu horrelako erronkari aurre egiteko gaitasunik. Ez da hain erraza».

Ibaialdek jaso duen elkartasun keinu ororen garrantzia nabarmendu du Mendizabalek. «Nafarroaren Egunetik deitu ziguten, Baigorritik, guretzat 10.000 euro bildu zituztela esateko. Argia eta ura ordaintzeko eman zigun horrek. Eta, Argentinatik, euskal jatorriko gizon batek gure egoeraren berri izan, eta 100 euro eman zizkigun». Guztien laguntzarekin, Ibaialde ataka zailetik aterako dela ziur da Mendizabal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.