Hezkuntza

Ikastolek "behartuta" aldatu dute Ibilaldia Euskal Eskola Publikoaren festaren egunera

Ibilaldiak maiatzaren 25eko Europako hauteskundeekin bat egitea saihestu nahi zuten, baina Euskal Eskola Publikoaren jaiaren egunean ospatuko da, ekainaren 1ean.

Maite Asensio Lozano.
2014ko otsailaren 28a
09:58
Entzun

Aurtengo Ibilaldia eta Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia egun berean ospatzeak eragin dituen mezuen aurrean, azalpenak ematera agertu da gaur Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria. Ikastolen aldeko Bizkaiko festaren data “behartuta” aldatu zutela berretsi du: “Erabakiaren atzean, ez dago, inondik ere, Eskola Publikoaren jaia zapuzteko asmorik”. Hartara, herritarrei dei egin die ekainaren 1ean ikastolen zein eskola publikoaren aldeko festara joatera.

Maiatzaren 25ean egin behar zuten aurtengo Ibilaldia, Gernikan. Europako Parlamenturako bozak egingo dira egun berean, ordea. Tellituren arabera, bateraezinak dira: “Hauteskunde egun batean ehun mila lagun egun osoko jai batera mobilizatzea ez da gure aurreikuspenetan sartzen”. Erantsi du segurtasun arazoak ere eragin zitzaketela, Ertzaintzak ezingo lukeelako Ibilaldiko dispositiboa abian jarri.

Hori dela eta, ekainaren 1era aldatu zuten deialdia, egun horretan Balmasedan Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia ospatzekoak diren arren. Tellituk aipatu du maiatzaren 11tik ekainaren 15era arteko igande guztietan egongo dela hezkuntzarekin lotutako festaren bat: “Data aukeratzea oso zaila izan zen”. EHIGEk —Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaiaren antolatzaileak— erabakia gustuko ez izatea ulertzen du Tellituk, “baina uste dugu haiek ere ulertu dutela data aldatu behar izan dugula”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.