HEZKUNTZA

Ikastolen Elkarteak ez du bat eginen LOMCEren aurkako mobilizazioekin

Espainiako Gobernuak egin duen hezkuntza erreformaren aurkako jarrera berretsi dute ikastolek, baina uste dute protesta deialdiak "Espainiako Estatuko hezkuntza logikan" kokatzen direla. 

LOMCEren aurkako protesta bat, apìrilean, Portugaleten (Bizkaia). MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
mikel rodriguez
2016ko urriaren 24a
08:53
Entzun

Espainiako hezkuntzan grebara deitu dute etziko, LOMCE erreformaren aurka. Espainiako sindikatuen Hego Euskal Herriko adarrek bat egin dute deialdiarekin —nahiz eta ez duten egun osorako grebara deitu—, baina gainerakoen artean ez da erantzun bateratu bat izan. ELAk eta Steilasek goizean ordubeteko lanuztera eta arratsaldean manifestazioetan parte hartzera deitu dute, eta EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak bat egin du deialdi horrekin. LABek, ordea, ez du mobilizazioetan parte hartuko, eta Ikastolen Elkarteak ere erabaki bera jakinarazi du. "Horrelako deialdiekin frogatzen da LOMCEk oraindik hezkuntza eragileen, alderdien eta erakundeen agendak markatzen dituela. Ondorioz, ez dugu sakontzen hezkuntza sistema propioa eraikitzeko eztabaidan, eta estatuko logikari soilik erantzuten zaio". 

Ikastolen Elkartearen arabera, greba deialdia Espainiako "logikan" kokatzen da, eta "zehazki indar posizio bat eskuratu nahian, zenbait hezkuntza eragileren eta alderdiren partetik, Madrilen negoziatzen ari den eskola akordioari dagokionez, arlo instituzionalean ezjakintasuna nagusi den garai hauetan".

Ikastolek uste dute LOMCE "zentralista, atzerakoia eta doktrinatzailea" dela, eta adierazi dute haien eredu pedagogikotik "kontrako muturrean" dagoela. "Baina LOMCEren aurka egoteaz gain, Euskal Herrian behar eta nahi dugun Hezkuntza Sistema eraiki behar dugu". Ikastolen Elkartearen arabera, "une erabakigarria da urteetako inposizioei 'ez' esan eta hezkuntzaren gaineko erabakiak Euskal Herrian hartzeko". 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.