Joan den astelehenean bildu ziren Seaskako ordezkariak Prefetarekin eta suprefetarekin. "Argiki erran digute engoitik zorrotz begiratuko dutela diru publikorik ez baliatzea ikastolak laguntzeko" jakinarazi du Paxkal Indo Seaskako Lehendakariak. Horren aitzinean mobilizaziora jotzeko xedea du Seaskak. Lehenik eta behin, azaroaren 30ean Batera plataformak Maulen eginen duen manifestaziora deitu du eta bide nabar, "manifestazio alaitua" eginen du Seaskak abenduaren 28an Baionan. Antolatuko dituen gainerateko protesta ekitaldietan parte hartzera ere deitu du.
Horrekin batera Konstituzio Bateragarritasun Galdera eginen duela adierazi du Seaskak. Izan ere, lehen mailetako eskolei ukatzen zaien diru-laguntza publikoa onartzen die bigarren mailakoei. Horretan oinarrituz, eskubide urraketa dagoela dio Seaskak. Euskal gizarteari eta hautetsiei ere dei egin die, galdetuz onargarria ote den Estatuaren beldurra eragiteko dinamika.