Hezkuntza

Ikastolen Konfederazioak babesa eman dio Jaurlaritzaren proposamenari

Elkarteak "90eko hamarkadatik egindako planteamenduen bide beretik doa". Jaurlaritzaren asmoak "onarpen handia" dauka hezkuntz komunitatean eta "orain onarpen politikoa beharko du".

2007ko martxoaren 9a
16:02
Entzun
Ikastolen Konfederazioa ados dago atzo Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak aurkeztutako hizkuntz ereduen aldaketa proposamenarekin, "guk 90eko hamarkadatik egindako planteamenduen bide beretik doalako" eta, bere ustez, hezkuntz komunitatean proposamen horrek "onarpen handia" dauka. Dena dela, "orain onarpen politikoa" beharko duela esan du gaur Ikastolen Konfederazioak, Gasteizen emandako prentsaurrekoan.

Hezkuntza "eleaniztuna, berritzailea eta ereduak gaindituko dituena" nahi duela esan zuen atzo Jaurlaritzak eta, "hizkuntza nagusi euskara izanda", ikastetxeei autonomia emango lieke lege berria onartuko balitz. Ondorioz, A, B eta D ereduak desagertu egingo lirateke; 1982tik egon da hezkuntzan hizkuntz ereduen sistema hori, baina PPk ez beste alderdi denek diote ez duela bermatzen “ikasleek beharrezko euskara maila lortzea” eta, proposamen berriaren arabera, Derrigorrezko Hezkuntza bukatzen duten EAEko ikasle denek (16 urterekin), EAEko bi hizkuntza ofizialetan "ondo komunikatzeko gaitasuna" izan beharko dute (euskaraz eta gazteleraz).

Koldo Tellitu Ikastolen Konfederazioko presidentearen ustez, "oso garrantzitsua da Jaurlaritzak eztabaidaren erdian ikasleek nolako gaitasuna izan behar duten jartzea" eta ados azaldu da ezarri nahi diren hizkuntz gaitasun neurriekin.

Euskal hezkuntz sistema "osorako" lege berri baten beharra azpimarratu du Tellituk, "sistema berria arautuko duena". Hori lortu arteko neurriak proposatu ditu: dekretuak, ebazpenak...

Ikastolen Konfederazioa "prest" dago hezkuntzako beste eragileekin eta erakunde publikoekin elkarlanean aritzeko, "denok beharrezkoak garelako eta denon ekarpenak ezinbestekoak direlako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.