Aurten bildutako dirua Miarritzen lizeo bat eraikitzeko erabiliko dute, Baionakoa txiki geratu baita. Izan ere, gero eta ikasle gehiago dituzte Seaskako ikastolek, baina erakunde publikoen babesak, ordea, ez du gora egin. Sei milioi euro behar ditu Seaskak Miarritzeko lizeoa eraikitzeko, eta hainbat kontu korronte prestatu ditu horretarako.
Beste edizio batzuetan baino jende gutxiago bildu da Senpereko aintzirarein inguruan, 31. Herri Urrats ospatzeko. Bertan, Paxkal Indo Seaskako presidenteak konpromisoa galdegin die agintari politikoei, euskaraz ikastea bermatuko duen lege bat eskatuz. Frantxoa Maitia Euskararen Erakunde Publikoko presidentea ere legea aldatzearen alde mintzatu da.
Besteak beste, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia izan dira Herri Urratsen. Uriartek nabarmendu du Jaurlaritzak "ekarpen garrantzitsuak" egiten jarraitzen duela euskara Iparraldean sustatzeko, eta hala egiten segitzeko konpromisoa berretsi du. Hala ere, aitortu du krisi ekonomikoak eragina duela.
Garitanok ere konpromiso "tinkoa" adierazi du Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko.