Hezkuntza

Ikasturte berriarekin iritsi daitezkeen «erasoei» erantzuteko prest agertu da LAB

Sindikatuak beharrezkotzat jo du metodologia aldatzea ikasleen beharrei erantzuteko. Jaurlaritzak eginiko murrizketak salatu ditu, eta krisia «kapitalak» ordaindu behar duela nabarmendu.

Sindikatuak eginiko agerraldia, gaur, Bilbon. LAB SINDIKATUA
2020ko ekainaren 22a
16:46
Entzun

LAB sindikatuak gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzak aurtengo ikasturtean izaniko jarrera. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren eta haren lantaldearen kudeaketa «ezgaia» izan dela adierazi du, eta azaldu irailetik aurrerako «erasoei» erantzuteko prest daudela: «Datorkigun udazken beroaren aurrean, udan arnasa eta indarra har dezagun».

Sindikatuak argudiatu du 2018-2019ko ikasturtea hastearekin batera Eusko Jaurlaritzak ordezkapenak bete gabe utzi zituela eta, beraz, «ikasle eta langileen eskubideak urratu» zituela. Ikasturte «berezi» baten hasiera izan zen hura. Izan ere, aurtengo ikasturtea markatu duen arazo nagusia COVID-19ak eragindako alarma egoera izan da.

Egoera horretan, Confebask patronalaren aldeko «jarrera argia» izateaz akusatu du sindikatuak Eusko Jaurlaritza, «euren interesei men eginez eta langileen ordezkariak alde batera utzita». Era berean, salatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde publikoek hartutako erabakiak uztailaren 12ko hauteskundeetara begirako «antzerki eta inprobisazio ariketa interesatuak» izan direla.

Koronabirusak sortutako osasun krisiarekin batera iritsi da hark eragindako krisi ekonomikoa ere. LABek adierazi du erakunde publikoak hasiak direla murrizketak egiten. Adibidetzat jo ditu euskara ikasteko ikastaroetan eta jangela zerbitzuetan eginiko murrizketak. Halako erabakien aurrean, krisia «kapitalak» ordaindu behar duela esan du: «Hezkuntza, langileen eskubideak, ikasleen beharrak, euskarak behar duen bultzada eta elikadura ez daude salgai».

Hurrengo ikasturtearen hasierara begira «premia askori» erantzun beharko dietela uste du sindikatuak, horien ikasketa prozesuak eten egin direlako. Horri erantzun ahal izateko, ordea, beharrezkotzat jo dute «metodologiak moldatzea» eta gela bakoitzeko ikasle ratioak murriztea.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.