Ikasturtea amaitzeko planaren berri eman ez izana kritikatu dute sindikatuek

ELAk uste du «iraingarria» dela Jaurlaritzak gurasoen elkarteekin eta sindikatuekin hartu-emanik ez izatea; LABek, berriz, ohartarazi du plan horrek ez dituela betetzen hezkuntza komunitatearen beharrak.

Donostiako Amara Berri ikastetxea, itxita. JON URBE / FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko apirilaren 22a
19:16
Entzun

Gaur eguerdian aurkeztu du Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak aurtengo ikasturtea amaitzeko plana, eta ELA sindikatuak salatu du sindikatuekin hurrengo astean zuen bilera baino lehen aurkeztu duela plana. Gainera, ELAk kritikatu egin du hezkuntza plana itunpeko hezkuntzako patronalekin partekatu izana, eta nabarmendu du «iraingarria» iruditzen zaiola gurasoen elkarte zein sindikatuekin inolako hartu-emanik ez izatea.

Sindikatuak nabarmendu du planak «nahiko argi» uzten duela Hezkuntza Sailaren helburua dela ikasturtea bukatu baino lehen ikasle batzuk ikastetxera itzultzea eta azaldu du ELA horren aurka dagoela hezkuntza komunitate osoa «arriskuan» jarriko duelako. «Osasuna bermatzeko neurriak eztabaidatu gabe ikasturtea martxan jarriko dela jakitea fribolitate hutsa da», azpimarratu du sindikatuak. Hezkuntza Sailari eskatu dio «normaltasun itxura» emateko ahalegina baztertu eta erabakiak arduraz hartzeko. Estatuko ezarpenetatik aldendu eta bertako beharrei erantzunaz eraikitako sistema propioa behar dela aldarrikatu du ELAk.

LAB sindikatuak, berriz, salatu du Hezkuntza Sailak ikasturtea bukatzeko egindako plana «berandu» eta Espainiako Hezkuntza Ministerioak bidalitako «jarraibideei segituz» egin dela. Hezkuntza komunitatearekin kontsultatu gabe egindako plan bat dela nabarmendu du LABek, eta ez duela baliabiderik bideratzen ebaluazio jarraitua egin ahal izateko. Gainera, nabarmendu du ikasturte bukaera eskola bakoitzaren esku uzten duela eta, ikasturtea errepikatzeko «irizpide komunik» gabe, inspektoreen esku utzi dutela ikasleek ikasturtea errepikatzeko irizipidea ezartzea. Sindikatuak nabarmendu du planak ez duela zehazten laguntza berezirik baliabide digitalik ez duten ikasleentzat eta ez dituela asetzen hezkuntza komunitatearen beharrak.

Bestalde, ekinaldi legegile bat aurkeztu dute Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorraren Mahaian. Bertan, Hezkutza Sailari eskatu diote ikasturtea bukatzen plan bat adostu dezala sindikatu eta hezkuntza komunitateko agenteekin. Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak bide orri argi bat zehaztea eskatu du, ikasturte honen amaiera eta eskolara itzultzeko aukerak aztertzeko. Hernandezek nabarmendu du egiten den planak «errealista» izan behar duela eta ikasleen eskubideak erresperatatu behar direla. Krisi mahai bat sortzea eskatu dute bi alderdiek, krisiaren ondorioz sortutako arazoak identifikatu eta etorkizunerako irtenbide adostuak bilatzeko.

Ikastolen Elkartearentzat, irizpide egokiak

Ikastolen elkarteak ontzat eman ditu Uriartek ikasturtea bukatzeko ezarritako irizpideak. «Egokia iruditzen zaigu EAEn inork ez errepikatzea itxialdiaren ondorioz eta erabaki hori ikastetxe bakoitzaren irakasle taldearen eskuetan egotea, ikasle bakoitzaren inguruan jasotako ebaluazioa eta duen egoera kontuan izanda erabakia hartzea, horretarako dituen esperientzia eta irizpide profesionalak erabiliz», nabarmendu du Koldo Tellitu elkarteko lehendakariak. Tellituk ontzat eman du hezkuntza errefortzuak, norbanako planak eta curriculum egokitzapenak aurreikusita egotea planean, eta, gainera, nabarmendu positiboa dela ikastetxeei ebaluazio propioa egiteko aukera ematea.

Tellituk, halaber, nabarmendu du egoki ikusten duela ikasleak gradualki itzultzea ikastetxera, eta itzultzen diren lehenak 4. DBH eta Batxilergoko bigarren mailakoak izatea. Ikasleak ikastetxera itzultzen direnerako segurtasun arauak bermatuta egoteko eskatu du, guneak behar bezala berrantolatzea eta, beharrezkoa balitz, ordutegi aldaketak ere egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.