euskal herria

Ikatza oparitu diote Frantziari, euskarari erakutsi dion mespretxuagatik

Aitzinak bere kanpaina aurkeztu du: euskara, gazteen zatiketa gainditzea eta nazio identitate ditu kanpainak oinarri. 

Ikatza banatzen, gaur, Baionan. BOB EDME
Nora Arbelbide Lete.
2013ko abenduaren 21a
15:44
Entzun

"Frantziako Estatuak ikastolen aurka eramanten due gurutzada", salatu du Aitzina gazte antolakundeak, suprefeta eta prefetaren "jukutria zikinaren" bidez daramana, Mailys Gracy bozeramaileak zehaztu duenez. Hori dela eta Baionako suprefeta aitzinean ikatza jarri dute gazteek.

Ikatza opari, eta abenduaren 28ko Sekaskak antolatu Manif'esta Ikas'Talo ekimenean parte hartzeko deia ere luzatu dute gazteek: "indar erakustaldi bat egin dezagun, Estatuari denek elkarrekin aurre egiteko eta ikastolak iraun eta garatu daitezen", ikastolek lege babes bat behar dutela aldarrikatu dute Aitzinakoek. 

Aitzina gazte antolakunde berriaren lehen ekintza izan da honako hau, joan den azaroaren 2ko ‘Jeiki gazte!’ ekimenaren ondotik egin lehen ekimena, eta heldu den ekaina arte iraunen duen kanpainaren abiapuntua izan du taldeak, hogeita hamar bat gazte elkartu dituela suprefetura aitzinean, trikitixaren soinuek haize hotzari gaina hartzen saiatzen direla.

Eta euskararen gaia, hain zuzen, gazteek bere egin duten gai nagusietako bat da. Abian jarri kanpainako hiru ildoetako bat. Euskara defendatu, bultzatu eta garatzeko "parioa" egin nahi du, "gure hizkuntza, bihotza eta izaeran kulturalaren oinarri sendoena" delako.

Euskaraz gain, nazio identitatea eta gazteen arteko zatiketak gainditzearen beharra ditu bere kanpainaren beste bi ildoak. Nazio eraikuntza, beren herria "Euskal Herria" dela berretsi baitute gazteek, lehen urrats bezala "koadro instituzional bat" lortzea.

Azken ildoa, gazteen arteko zatiketa izatea hautatu badute, Ipar Euskal Herrian "euskal gazteria bakarra eta anitza" dela erakutsi nahian dabiltzalako da, "denak baikara euskal gazteria". Hortaz, Ipar Euskal Herriko gazteriak jasaten dituzten "estigmatizazioei" gaina hartzea dute xede, horrek duelako beren iduriko zatiketa sakontzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.