Iritsi da Olentzerok lanik gehien egiten duen urteko eguna. Ailegatu da haurrek gehien amesten duten unea. Jaitsi da Olentzero menditik, Euskal Herrik hiri zein herrietan opariak banatzera. Baionara larunbatean iritsi zen ikazkina, ohi bezala itsasontziz. Musikariz eta ikastolako haurrez lagunduta erdigunea kantuan zeharkatu zuten, eta Herriko Etxean amaitu zuten ibilbidea. Gainerako hiriburuetan ere jasoko dute Olentzeroren bisita.
Gaur bertan, esaterako, Bilbora iritsiko da ikazkina. 19:00etan egingo du agerpena Kale Nagusia Plaza biribilarekin elkartzen den lekuan eta handik Arriaga plazaraino joango da. Baina ez du bakarrik egingo ibilbide hori, berekin egongo baitira, Mari Domingi, Basajaun edo Galtzagorriak. Arriagako plazara iritsi ondoren, urtero legez, antzokiko balkoitik diskurtsoa irakurriko dute Olentzero eta Mari Domingik. Desfile honen ondoren, bihar, Euskal Herri guztian barrena ibiliko dira izaki magiko hauek.
Bilbo (23-24)
Gaur arratsaldean iritsiko da Olentzero Bilbora, eta kalejira egingo dute hiriko kaleetan. Bihar goizean jasoko ditu ikazkinak haurren eskaerak, 11:00etatik 14:00etara, Arriaga Antzokian. Txanda hartu ahal izateko, 10:00etan hasiko dira sarrerak banatzen, eta lagun bakoitzak hiru hartu ahal izango ditu. 1.500 sarrera egongo dira guztira. Goiz osoan hainbat tailer egongo dira Arriagaren kanpoaldean haurrak jolas daitezen.
Gasteiz (24)
Arabako hiriburuan ere ez du huts egingo ikazkinaren bisitak. Goiuri jauregian utzi ahal izan diote Olentzerori gutuna haurrek. Azken unera arte itxaron dutenek, Udaletxean izango dute aukera, bihar, 11:00etatik 14:00etara han egongo baita Olentzero umeak agurtu eta eskutitzak jasotzen. Ikazkinaren desfilea arratsaldean izango da, 18:00etan. Iparraldeko gizarte etxetik abiatuko da, eta Leguatianoko atea, Frantzia kalea, Bake kalea eta Olagibel kalea gurutzatu ondotik, Espainia plazan amaituko da. Desfile koloretsua izango da, inondik inora; Folklore akademiak, Arabako Dantzarien Biltzarrak, Olabide ikastolak eta Indarrak parte hartuko baitute, besteak beste. 19:00etan amaituko da desfilea, Olentzerok Udaletxeko balkoi nagusitik haurrak agurtu eta abestia kantatuta.
Iruñea (24)
Urteroko ohiturarekin jarraituz, 18:00etan iritsiko da Olentzero. Iturralde eta Suit kalean dagoen Arte eta Lanbide eskolatik irtengo da desfilea, ikazkinari aurreskua dantzatu ondotik. Desfilea hasitako leku berean amaituko da; II. Zabalguneko eta Alde Zaharreko kaleetatik barrena ibili eta gero. Desfile jendetsua izango da Iruñakoa; berrehun lagunek baino gehiagok parte hartuko baitute. Olentzeroren atzetik joango dira txistulariak, gaiteroak, fanfarreak, dantzariak eta zenbait abesbatza. Horiez gain, etxeko txikienek animaliekin gozatzeko aukera ere izango dute; animaliak ere ateratzen baitira ikazkinari laguntzen. Leitzatik ekarritako ehun abere izango dira zehazki; idiak, ardiak, oiloak, antzarak, basurdeak eta euskal zerriak. Desfilea Agur Jaunak kantatuz amaituko da, Zubietako joaldunen adar eta joaldunen hotsek lagunduta. Antolatzaileek ikusleei baserritarrez jantzita joatera dei egin diete.
Donostia (24)
Olentzero Mari Domingiren laguntzarekin iritsiko da Zuloaga plazara, 15:30ean. Ongi etorria egin ondoren, kalejira egingo dute Udaletxeraino. 16:00etatik 17:30ra eskutitzak jasoko dituzte Udalbatzan, eta gutuna oraindik idatzi ez duten haurrek Udaletxeko terrazan izango dute aukera. Margoak egongo dira eskutitza marrazteko, eta festa giroa izango da nagusi; gaztainak, dantzak eta zapi eta abarken tailerrak izango dira, besteak beste. 18:00etan hasiko da desfilea. Bulebard, Hernani kalea, Loiola kalea, San Martzial, Getaria kalea, Askatasunaren Hiribidea, Txurruka kalea, Gipuzkoa plaza, eta Elkano kaletik Alderdi Ederrera iritsiko dira, 19:00etan. Desfile jendetsua izango da, 600 lagunek parte hartuko dute, eta animaliak ere egongo dira.