Europako Espalazio Bidezko Neutroi Iturriaren bigarren egoitza izateko jaio zen ESS-Bilbao partzuergoa, baina “ikerketa zentro independentea” izango da aurrerantzean. “Aro berri bat” hasi du egitasmoak, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak gaur goizean azaldu duenez: 2009an ezarritako helburuak “gehiegizkoak” izan zirela eta, proiektua “birdimentsionatuta” aurkeztu dute. “Birdimentsionatzeak ez du esan nahi murriztea, baizik eta egiten dakiguna ondo egitea”, adierazi du Carmen Velak, Espainiako Gobernuko Ikerketako estatu idazkariak.
Funtsean, Lunden (Suedia) eraikitzen ari diren neutroi iturrirako “lan paketeak” kudeatuko ditu ESS-Bilbaok. Hala, azeleragailua eraikitzeari uko egin dio zentroak —besteak beste, garestiegia delako—, baina Lundeko azeleragailurako piezak eta sistemak egingo ditu, eta “balio erantsi estrategikoa” gehituko die. Hala, “jarraikortasuna, bideragarritasuna eta egonkortasuna” eman nahi diote egitasmoari.
Lundeko proiektuan Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak izango duten parte hartzea ere %10etik %5era murriztu dute: inbertsio txikiagoa baina “proportzionalagoa” egingo dute, baina, aldi berean, Suediako neutroi iturria etorkizunean erabiltzeko ahalmena mantenduko dute.
Gizartea
"Ikerketa zentro independentea" izango da ESS-Bilbao
Arantza Tapia Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak azaldu du “aro berri bat” abiatu duela egitasmoak, “birdimentsionatuta”, baina “egonkor”. Bideoa: Espalazio zentrora bisita (Argazki Press). [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2057/[/berriatb]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu