Krisi garaiotan EHU Euskal Herriko Unibertsitateak «eredu ekonomikoa aldatzen» lagundu nahi du, baina, horretarako, ikerketan baliabide gehiago inbertitu beharra nabarmendu zuen atzo Iñaki Goirizelaia errektoreak, ikasturte hasierako ekitaldian. Ikerketarako inbertsioa Europako batez bestekoaren azpitik dagoela gogorarazi zuen, eta baliabideok unibertsitatean geratu behar direla aldarrikatu: «Inbertsioa unibertsitatetik kanpo egingo balitz, ikerketa eta trebakuntza bananduko lirateke, eta unibertsitatea deskapitalizatuko litzateke. Indarrak batzeak abantailak baino ez ditu ekarriko».
Hala, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopez ondoan zuela baliatuta, eskaera zuzena egin zion Goirizelaiak: «Zientzia eta teknologia plan berriak trebakuntza eta ikerketa egitura horiek sendotzearen aldeko apustua jaso dezala». Lopez bat etorri zen errektorearekin, eta lehentasunezkotzat jo zituen hezkuntza eta zientzia: «Krisian, arazoa baino, konponbiderako oinarria da hezkuntza. Zerbitzu publikoen itomenetik kanpo geratu behar da». Isabel Zelaa Hezkuntza eta Unibertsitate sailburua, aldiz, pixka bat zuhurrago mintzatu zen: «Gure unibertsitatea bikaina izan daiteke arlo batzuetan, eta ona beste batzuetan. Ezinbestekoa da planifikatzea».
Ikerketako inbertsioa unibertsitatean gera dadin eskatu du Goirizelaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu