'FAISAN AUZIA'

Ikerketaren arduradunak salakeriaren tesia berretsi du

Garzonek ikerketan parte hartu zuten hiru polizia hartu ditu gaur, eta arduradunak berretsi dio susmoa duela Poliziako kideren batek operazio baten abisua eman ziola ETAri.

2010eko otsailaren 17a
20:41
Entzun
Faisan auzian salakeria izan zela berretsi dio ikerketaren arduradunak Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileari. Haren arabera, Espainiako Poliziaren arduradun Victor Hidalgok agindu zuen ETAri operazio baten berri emateko aurretiaz, eta horretarako agindua eman zien Espainiako Poliziaren EAEko arduradunari eta Gasteizko inspektore bati.

Herenegun auzitegiko 2. zigor salak Faisan auziari dagokion ikerketan sakontzeko agindu eta gero deitu ditu deklaratzera hiru poliziak. Zehazki, Faisan tabernako nagusi Joseba Elosuak ustez kaleko telefono batetik egindako deiei buruz eskatuko dizkie argibideak epaileak poliziei. Garzonek jakin nahi du telefono hori zaintzapean zuten edo ez, eta, hala izatekotan, etakideren bati deitu ote zion Elosuak. Eta, hala izan bazen, elkarrizketaren transkripzioak ere eskatuko ditu epaileak.

Polizien erantzunen arabera erabakiko du epaileak Frantziari deiei buruzko informazio xehatua eskatu ala ez. Izan ere, Auzitegi Nazionaleko epaileak jakin nahi du 2006ko maiatzaren 4an Faisan tabernan egin zen polizia operazioan Frantziako Poliziak parte ez hartzeko arrazoia "filtrazio" bat izan ote zen.

Auzitegi Nazionalaren arabera, ETAri bere aurkako operazioaren berri eman ziotenek poliziak izan behar dute, "modu batera edo bestera 2006ko maiatzaren 4an egitekoa zen operazioaren berri zutenak". Hori dela eta, Garzoni ikerketan sakontzeko agindu dio, "oso-oso larria" izango litzatekeelako egindako salaketa egiaztatuko balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.