Ikertzen ari dira Elgoibarren neska bat bortxatu ote duten

Herriko neskato batek salatu du industrialde baten inguruan eraso ziotela; Poliziak ez du inor atxilotu oraingoz

Andreen aurkako erasoak salatu zituzten, atzo, Elgoibarko herritarrek. BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Bortxatu egin dutela salatu du Elgoibarko (Gipuzkoa) neska batek, eta Ertzaintzak ikerketa martxan jarri du zer gertatu den argitzeko. Apenas eman duen daturik Poliziak; soilik baieztatu du salaketa bat badagoela eta kasuak zabalik segitzen duela. 15 urte dauzka erasoa salatu duen neskak; haren arabera, Elgoibarren bertan, industrialde baten inguruan bortxatu zuten, joan den larunbatean, iluntzean. Protesta egin zuten atzo herrian, Elgoibarko Emakumeen Asanbladak antolatuta.

Neskak azaldutakoaren arabera, 20:00 aldera bortxatu zuten. Gazte jendea batu ohi da industrialdearen inguruan. Erasoa salatu duen neska lagunengandik aldendu zen mutil batekin; hedabide batzuen arabera, handik denbora batera adiskideei hots egin zien, eta bortxatu egin zutela esan. Polizia joan zen lekura, eta neska osasun etxe batera eraman zuten, azterketa egitera. Senideek salaketa jarri dute. Oraingoz, hala ere, ez dute inor atxilotu.

Herrian samina zabaldu da, eta kalean kartelak-eta jarri dituzte. Iluntzean, jendetza batu zen elkarretaratzera. Elgoibarko Udalak elkartasuna adierazi die adingabeari eta haren familiari, eta jakinarazi du martxan jarri duela era horretako kasuetarako protokoloa. «Zurrumurruak» zabaltzen ez aritzeko eskatu du udalak.

Emakundek ere salatu du ustezko erasoa. Ohartarazi du halako erasoak direla genero ezberdintasunen «adierazgarri latz eta gogorrena». Horrelako erasoak «mehatxu tresna» direla uste du Emakundek, andreek ez ditzaten egungo rolak aldatu. Herritarrei eskatu die eraso horrekiko «nazka eta gaitzespena» agertzeko.

Eraso gehiago izan dira Euskal Herrian azken egunetan. Gasteizen, gizon bat atzeman zuten ostiral arratsean, bikotekidea jotzea egotzita; kalean jo zuen. Sestaon (Bizkaia), 22 urteko gizon bat atzeman zuten, bikotekide ohiari eta haren bi laguni —haiek ere andreak— erasotzea egotzita. Gizonak urruntzeko agindua zeukan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.