Eguerdian, elkarretaratzea egin dute Anberesko udaletxeko plazan, eta agerraldi bat egingo dute ondoren, eskatzeko ez diezaiotela Hodei Egiluzen desagertzea ikertzeari utzi. Izan ere, asteartean jakinarazi zuen fiskalak ikerketa itxi duela; jakina da lapurreta egin ziotela Egiluzi desagertu zen gauean, baina lapurreta horien eta desagertzearen arteko loturarik ez du topatu fiskalak.
Edonola ere, Egiluzi lapurreta egitea egotzita ikertutakoen aurka auzibide penala irekitzeko eskatu du fiskalak; ez hilketagatik, baizik eta indarkeria erabilita egindako lapurretagatik. Gazet van Antwerpen egunkariak jakinarazitako informazioaren arabera, asteazkenean erabakiko du epaileak zer egin Egiluzen kasuarekin.
Astelehenean dira bi urte Hodei Egiluz gazte galdakoztarra Anberesen desagertu zenetik, eta, urteurrenaren harira, haren 40 bat senide eta lagun joan dira hiri horretara. Astelehenean, Bruselan egingo dute elkarretaratzea, eta ondoren, desagertutako jendeari buruzko protokoloaz Europako Parlamentuan egingo duten jardunaldi batean hartuko dute parte.