Bilboko kultura eta jai giroan eta konpartsetan murgildutako hainbat herritarrek aurkeztu dute, gaur goizean, ikurrinaren alde antolatu duten manifestazioa. Ikurrina kalera atera eta manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte bilbotarrak, abuztuaren 22rako, ostirala, Aste Nagusiko egun handiarekin batera.
Sonia Vilamor txupinera ohiak eta Borja Irizarrek konpartsakideak azaldu dutenez, Aste Nagusian "aldarrikapena eta konpromisoa izango dira herri jaien eredu baten sostengua". Beraz, abuztuaren 22an aldarrikapen ikur bihurtu nahi dute ikurrina, haren 120. urteurrenean.
Manifestazioaren bitartez, zabaldu nahi dute ikurrina dela "mundu luze-zabalean euskaldun guztiok identifikatzen eta batzen gaituen ikurra", eta ikurrina "egiaz den bezalakoa aurkeztea" nahi dute, Bilbon zein Euskal Herriko edozein txokotan; "harekin identifikatzen den pertsona orok erakutsi ahal izatea".
Ikurrinak "urteetan jasan duen jazarpena" eta "ikur arrotzen inposizioa" salatu nahi dute, eta, horrekin batera, beste batzuk ere badituzte: "Euskal sinboloak normalizatzea, Bilboko kaleetako paisaia errealitate nazionalaren adierazgarri izatea eta gure hiria Euskal Herriko mapan kokatzea".