Genero indarkeria

Ikusezinak direnen ubeldurak

NUPeko ikerlari talde baten arabera, kalean bizi diren emakume gehienak genero indarkeriaren biktima dira. Emakume horiek artapen integrala behar dutela diote adituek.

jarraia105625.jpg
Nafarroako Hitza
2014ko azaroaren 21a
12:11
Entzun

Askorentzat ikusezinak dira. Hor daude, baina askok ez dituzte ikusten, edota ez dituzte ikusi nahi izaten. Bazterkeria sufritzen duten emakumeak dira, eta horietako asko kalean bizi dira; ez dute non bizi. Asteartea Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, azaroaren 25a. Egun horren harira nonahi publikatzen diren estatistiketatik at geratzen dira kale gorrian bizi diren emakumeen errealitatea islatzen duten datuak. Ia ez dago daturik. Dena den, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko Departamentuak egin duen ikerketa baten arabera, kalean bizi diren emakume ia gehienak genero indarkeriaren biktima dira.

Daphne, kaletik etxera ikerketaren xedea da aztertzea bizileku eta gizarte laguntza modu bateratuan eskaintzeko nola gutxitu daitekeen emakumeen kontrako indarkeria arriskua. Norvegiako, Alemaniako, Bulgariako, Erresuma Batuko eta Euskal Herriko ikerlariek parte hartu dute proiektu horretan, tartean NUPekoak. Helburua nagusia da kale gorrian bizi diren emakumeen beharrak atzeman eta horiei modu eraginkorrean erantzun ahal izateko proposamenak egitea.

Izaskun Andueza NUPeko Gizarte Laneko Departamentuko kidea da, eta hura arduratu da Nafarroan proiektua koordinatzeaz. Ohartarazi duenez, kalean bizi diren emakumeak "behar anitz dituzten emakumeak dira". Azaldu duenez, emakume horiek, kalean bizitzeaz gain, beste hainbat arazo dituzte: buruko gaixotasunak, droga menpekotasuna, prostituzioa... "Emakume askok eta askok, arazo bakarra ez, horietako bat baino gehiago dituzte".

Gainera, NUPeko ikerlariek aztertu dituzten kasuetan, bortizkeria ez da kale gorrian ezagutu duten fenomenoa; kasu askotan txikitan edota gaztetatik bizi izan dira egoera horretan. Oro har genero indarkeriaren biktimen egoera "zaila" dela esan du Anduezak. Baina biktima horiek kalean bizi badira, egoera hori are "zailagoa" dela nabarmendu du. "Administrazio publikoak baditu genero indarkeriaren biktimentzako zerbitzuak, baina, normalean, kalean bizi diren emakumeak zerbitzu horietatik kanpo gelditzen dira".

Egoera hori baieztatu egin du Olga Garrotek, Nafarroako Gobernuko Genero Indarkeriaren Biktimak Artatzeko Zerbitzuko Baliabideen arduradunak. "Genero indarkeria jasan duen edo jasaten duen emakume oro artatzen dugu Emakumeen Arretarako Zentroan", jakinarazi du Garrotek. Berez, zerbitzu horretan hamabi lagunentzako tokia dago, baina asteartean, esaterako, hemezortzi emakume zeuden. Beharra duen edozein emakumeri laguntzen diotela dio Garrotek. Gainera, laguntza zerbitzua zabala da. Izan ere, artapen psikologikoaz gain, aholkularitza juridikoa ere eskaintzen dute. Horrez gain, emakume horiek beren ardurapean adingaberen bat badute, horiek ahalik eta bizitza "normalena" egiteko lan egiten dute.

Dena den, Anduezak ohartarazi bezala, Garrotek ere aitortu du emakume batzuek ez dutela izaten zentro horietan laguntza jasotzeko aukerarik. Bazterkeria sufritzen duten emakume askok, kalean bizitzeaz gain, droga menpekotasuna edota buruko gaixotasunak dituzte. Arazo anitz dituztenez, sarritan ez dituzte onartzen Emakumeen Arreta Zentroetan. "Kontuan izan behar da zentroan adingabeak ere badirela. Ez gaude prestatuta egunero droga kontsumitzen duen emakume bat artatzeko; horretarako badira beste toki batzuk", azaldu du Garrotek.

Hain justu gakoa hori dela dio Anduezak. Bazterkeria sufritzen duten emakumeek mota askotako arazoak dituzte, baina ez dago euren beharretara egokitzen den tokirik Nafarroan, ez dagoelako artapen integrala eskaintzen duen zentrorik. "Buruko gaixotasunak edota droga menpekotasuna duten pertsonak artatzeko zentroak badaude, baina haiek onartzeko jartzen dituzten baldintzak direla eta, arazo anitz dituzten emakumeak artapen espezializatua eskaintzen duten zerbitzuetatik kanpo gelditzen dira". Daphne proiektuaren arabera, emakume horien arazorik nagusiena artapen integrala izateko duten zailtasuna da. Izan ere, artapen integralaren bidez "nabarmen" hobetu daiteke kale gorrian bizi eta genero indarkeriaren biktima diren emakumeen egoera.

Bestalde, etxerik ez duten gizon eta emakumezkoen errealitatean hainbat ezberdintasun daudela irizten dio Anduezak. "Emakumezkoek jasaten dituzten egoerak gizonezkoenak baino latzagoak dira". NUPeko irakasleak azaldu duenez, egoera horretan dauden emakumeen zenbatekoa gizonezkoena baino murritzagoa den arren "egoera latzagoak izaten dituzte". Gainera, sarritan emakumeei egotzitako rolak direla-eta kulpa sentimendu handiagoa izaten dutela nabarmendu du. "Kalean bizi diren emakume gehienek seme-alabak dituzte, baina kasu gehienetan ez daude haiekin. Haurrak haiekin ez izatea ere zama da haientzat".

'Leihatila bakarra'

Horregatik, Anduezak kalean bizi diren emakumeak artatzeko zerbitzu bateratua aldarrikatu du, Leihatila bakarra deiturikoa. Leihatila horietan, arazo anitz dituzten emakumeei arreta egokia eta berezitua eskaintzea litzateke asmoa. "Nafarroako Gobernuak ez du halako baliabiderik eskaintzen, baina frogatuta dago modu horretan artatuta emaitzak oso onak izaten direla".

Behar hori atzematen du Garrotek ere. Izan ere, Emakumeen Arretarako Zentroak aitortu du euren zereginean oso mugatuta dagoela. Dena den, argitu duenez, zentro horietan egonaldiak egiten dituzten emakumeen %25ek buruko gaixotasunen bat dute, baina medikuen artapena dute. Aurrera begira, Garrotek uste du bazterkeria sufritzen duten emakumeei euren arazoak konpontzeko baliabideak egon beharko liratekeela.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.