Indarkeria matxistaren ondorioz 98 andre eta 11 ume hil dituzte 2003tik 2018ra. Hedabideek, instituzioek eta elkarteek, maiz, urteko hilketen bildumak egiten dituzte, baina etenik ez duen arrastoa da hilketa matxistena: kontagailua ez da hutsean jartzen urtarrilaren 1ean. Metatuz doan arazoa da, urteekin gero eta dimentsio handiagoa hartuz doana, eta gatazka horren tamaina osorik erakutsi nahi du BERRIAk webgune berri horrekin.
[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=gqSr2KCLF9o[/youtube]
Hilketen datuak mapa batean erakutsiko ditu webguneak, eta kasu bakoitzaren xehetasunak irakurriko dira hildako emakume eta ume bakoitzaren fitxan, mapako puntu bakoitzean klik eginda. Kontsultak ere egin ahalko dira, urtearen, lurraldearen edota adinaren arabera iragazkiak jarriz. Maite Mutuberria ilustratzaileak sortu dio azaleko irudia webguneari. Emakunderen babesa jaso du proiektuak, eta etorkizunean zabaltzeko eta indarkeria matxistari buruzko ikuspegi osoago bat emateko anbizioz sortu da.