Ikusi bihar emaitzak zuzenean BERRIAn

2015eko martxoaren 20a
17:53
Entzun

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako iazko udal hauteskundeetan egin bezala, Ipar Euskal Herriko euskarazko hedabideak elkarlanean ariko dira bihar bozen berri emateko. Departamenduko bozen lehen itzulia izango da bihar, eta ordubeteko telebista-irrati saioa antolatu dute hedabideek, 21:00etatik 22:00etara. BERRIAren webgunean, Kanalduderen atarian eta Kazeta.eus-en ikusgai izango da, eta Euskal Irratietan entzungai. Euskal Herriko emaitzez gain, Pirinio Atlantikoetako eta Frantziako emaitzen berri ere emango dute.

Saioaren lehenbiziko ordu erdian Jojo Bidart eta Maddi Ane Txoperena Iribarren kazetariak arituko dira emaitzen analisia egiten, Arantxa Idieder aurkezle dela. Tarteka beste kazetari batzuk ere sartuko dira.

Programa bereziaren bigarren zatian, berriz, hainbat elkarrizketa egingo dituzte emaitzen balorazioa egiteko: Jean Lissar Berdeen bozeramailea, Itxaro Bethart Mendialdea kantonamenduko EAJko hautagaia, Menane Oxandabaratz EH Bai koalizioko kidea, Barthelemy Agerre Modemeko kidea eta Sauver Bacho sozialisten eta berdeen sostenguarekin Bidaxune-Amikuze-Oztibarre kantonamenduan aurkeztu den hautagaia.

Lehen itzuliko emaitzak aipatzeaz gain, bigarren itzulirako zein erronka dauden aztertuko dute euskal hedabideetako kazetariek eta analistek.

BERRIAren eta Ipar Euskal Herriko Hitza-ren webguneetan hauteskundeetako emaitzak emango dituzte jakin bezain pronto, herrika, kantonamenduka eta lurraldeka. Grafikoak osatuko dituzte, gainera, hamabi kantonamenduen datuekin.

Twitterren euskal hedabideetako kazetariek #bozak15 etiketa erabiliko dute, sare sozial horretan emaitzak, xehetasunak eta erreakzioak plazaratzeko.

Ez da gaurko kontua Ipar Euskal Herriko euskal hedabideen arteko elkarlana. Iaz fruitu onak eman zituen elkarlanak, udal bozetan. Eta elkarlan hori saritu zuten urtarrilean Argia sarietan, Interneteko atalean. Jose Luis Aizpuruk eta Ttitto Betbederrek, saria jasotzean, Aitor Renteria Txato BERRIAko kazetari zena gogoan izan zuten, langintza hartan buru-belarri aritu baitzen.

Hauteskunde kanpainak iraun duen egunotan, halaber, bozen gaineko hiru mahai inguru eskaini dituzte BERRIAk, Ipar Euskal Herriko Hitza-k, Herria-k, Kazeta.eus-ek, Kanaldudek eta Euskal Irratiek. Bigarren itzuliko igandean ere saio berezia egingo dute.

EITBko hedabideak

Ipar Euskal Herrian EITB taldearentzat lanean ari diren kazetariek bozen berri emango dute. Igandean, bideoak eta zuzenekoak egingo dituzte eguerdiko eta gaueko albistegietan. ETBn emaitzak Franck Dolosorrek eta Iñaki Esnalek emango dituzte; Andoni Lizeagak, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin. Astelehenean Dolosorrek bideoak eta konexioak egingo ditu saio eta albistegietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.