Presondegien Udaberrian parte hartuko duzu Baionan. Zer lotura du zure lanak kartzelarekin?
Zientzia sozialetan ikerketa lan independentea egiten dut, borroken barnetik. Ikertzen dudan dominazio sistema jasaten dutenekin lan egiten dut. Analisia horren ildoetan, ikertzen dut nola gizarte sekuritarioa etengabe elikatzen den gerra kolonialen ereduetan, botere forma berriak asmatzeko. Gizarte sekuritario hori, gizarte inperialistetan, apartheid sozialen formetan nola antolatzen den ere ikertzen dut; segregazio sozial arrazistak direla medio. Maila horretan atzematen da presondegi mota bat Amerikako Estatu Batuetan, Frantzian eta oro har Mendebaldeko botere blokean baduguna. Haren helburua, Foucaultek zioen bezala, gorputzak diziplinatzea da; nire lanean, presondegia maila herrikoiaren geruza prekario eta segregatuak lehertzeko tresna gisa ere agertzen da. Neurriz kanpo ustiatzeko sistema ekonomiko bat ere bada, maila herrikoiaren parte bat segregatzeaz eta lehertzeaz gainera gaur egungo ekonomiaren zati bat elikatzen duelako.
Frantzian kartzelak gainezka direla erraten da.
Fatalitate gisa aipatzen delarik, fikzio bat da, antolatua eta arrazionala den erregimen bat baita. Presoak humanoak ez diren baldintzetan atxikitzea antolatua eta administratua da: gainera, zigorraren eta diziplinaren kontzeptuen parte da. Baina berriz diot: gainera, sistema ekonomiko bati lotua da, itxialdia ahal bezainbat errentagarri izan dadin erdietsi nahi delako. Presondegien kontrako militanteentzat, bistan da, aterabidea ez da presondegi berriak eraikitzea, baizik eta presondegiak hustea. Presondegiak gainezka diren ideia hori beti eraiki da pentsarazteko berriak eraiki behar direla; alta, ikusten dena da presondegi berri bat eraikitzean segidan betetzen dela eta laster gainezka dela hori ere. Hori lotua da, erran gabe doa, presondegiak betetzeko papera duen instituzio judizialari.
Polizia indarkeria aipatzean, hedabide batzuek “polizia gehiegikeria” kasuak aipatzen dituzte; zuk, indarkeria industriala.
Ikusirik estatu indarkerien masa —barnean dira polizia indarkeria, presondegiko indarkeria, gerra indarkeria…— ohartzen gara ez direla —errana den bezala— gehiegikeriak edo istripuak; bai, aldiz, doktrinekin, administrazio batekin, protokolo arrazionalekin eraikia den sistema baten parte direla. Bestalde, praktikak berak hainbat instituziok kodifikatuak eta finkatuak dira, batetik. Ondorioz, ekoizpen industriala bada, fabrika edo lantegi batean bezala, gauzak eraiki ordez estatuak eta instituzioek indarkeria fabrikatzen eta kontrolatzen dute. Ez dira sistemaren ibilmoldean gertatzen diren akatsak: sistemaren bihotzean dira, behartzearena estatuaren lehen funtzioetan baita.
Nola ikusten duzu Kataluniako egoera, “bazter nahaslerik” gabe ere polizia indarkeria gertatzen baita.
Ez du interes handirik deus ez haustea “bazter nahasle” gisara ez agertzeko, baina interesa gehiago da elkartasun sareak sortzea eta autonomia erreala duten formak sortzea, gatazkan gauden botere sistemarekin dependentziarik ez ukaiteko. Logika hori denetan ikusten dut nire lanean: nagusitasun sistema guztiek amankomunean dute funtsezkoa zaiela interdependentzia, haiengana joan behar dugulako zerbaiten beharra dugularik: elikatzeko, sendatzeko, lurraldea kudeatzeko, gatazka kudeatzeko…
L’Ennemi intérieur zure lehen liburuan (Barne etsaia), sistema hori ikertu zenuen kolonialismoan.
Arrazismoak eta patriarkatuak elkar elikatzen dute, interakzioan, eta elkarrekin garatzen dira historian zehar. Aldiz, barne etsaiaz eraman dudan lana Indotxina eta Aljeriako askapen gerren garaian hasten da, eta saiatu naiz azaltzera nola hor baden kontrairaultza forma moderno bat —kasik postmodernoa—, kontramatxinadarako doktrina bat sortzen duena; aitzinetik jadanik bazen, baina gerra kolonial horietan jauzi teknologiko nagusi bat eman zen, eta laborategi gisako bat izan zen segurtasun sistema garaikidearentzat.
Erran ohi duzu borroken barnetik egiten dituzula ikerketa lanak, eta borroken zerbitzuko. Lan kolektiboak direla ere badiozu, baina zuk dituzu sinatzen.
Denean bezala, kontraerranak badira hor ere. Hasteko, independentea naiz, ez bainaiz ez estatuaren ez beste nehoren soldataduna. Jende guztia bezala, ahal bezala moldatzen naiz alokairua pagatzeko, ez didate nire ikerketek pagatzen. Bestalde, militantea naiz, borroka sozialetan inplikatua, eta maila horretan dut pentsatzen; nire pentsamendua parte hartzen dudan taldeetan eraikitzen dut. Beraz, analisi kritiko hori bortxaz kolektiboa da. Gero lanak nire izenez izenpetzen ditut zintzotasunez ere, atzeman nazaten arrangurarik sortzen balitz edo [irriak].