"Ikusiz Iparraldeko gazteria, badute zinez zerbait egiteko herrietan"

Aitor Renteria.
2014ko urtarrilaren 24a
10:18
Entzun

Zerrendak osatzeko zailtasunak daude barnealdean. Gazteek badute gogoa, baina uzkur dira zerrendetan sartzeko. Urratsa egiteko eskatu die Oltzomendik.

Udalbiltza hautetsiz osatua da.Zer ikuspegi duzu herriko bozei buruz?

Biziki inportanteak dira. Hortik pasatzen dira anitz gauza. Mintzatu nahi nieke militante guztiei, errateko behar dela eginahala oro egin herriko kontseiluetan. Herri baten bozak badu bere boterea, bere balioa. Ez pentsa herri txiki batean ez duela balio engaiatzeak, bakarrik bide txikiez arduratzen garela. Xantza badelarik talde baten izateko, lagun batzuekin aritzeko, uste dut gauza anitz egin daitezkeela. Hasten gara gazte taldeekin eta segitzen ahal badu, ongi da herriko kontseiluan sartzea. Azken sei urte hauetan ongi ikusi dugu hori, izan dadin Lurralde Kolektibitatearen kasuan, bake prozesuan, Laborantza Ganberan… Herrien pentsamoldea eskatzen da, eta sortzen dira eztabaida aberatsak. Hor presente egon behar gara, gauzak aitzinarazten ditu.

Herri txikietan zailtasunak daude zerrendak osatzeko.Prest dira zerbait egiteko,baina gazteak beldur dira engaiamenduak hartzeko.Ez da aski prestaketarik?

Beharbada, gazteek ez dute ikusten beren lekua, edo beldur dira, informazio eskasa delako. Nahiz eta bilkurak irekiak diren, ez da hara joateko kultura. Enetako, ez da ontsa. Gauzak irekiak direlarik joan behar da, ikusteko zer pasatzen den, eta gazteek ikusiko dute gai direla ekarpena egiteko. Apaltasun zerbait bada, pentsatzeko kontseiluan daudenak gu baino gehiago direla. Baina ikusiko dute gai direla ideiak ekartzeko, kontseiluan parte hartzeko. Eztabaidetatik gauza onak dira ateratzen. Gazteek badute beren partea hartzeko. Ikusiz Iparraldeko gazteria, badute zinez zerbait egiteko herrietan.

Sentitzen duzu aldaketa aire bat datorrela? Kostaldean ikusi dugu hautetsi handi batzuk desagertu direla.

Bada haize berri txiki bat. Jendea ez da zozoa, eta ohartzen da. Jendeek badute informazioa nahi badute, eta irekitzen dituzte begiak. Gero, bada agertzea, abertzale gisa, barnealdean bederen. Batzuek, egin gabe ere, pentsatzen dute. "Beti berak dira, baina mugitzen dira, zerbait egin nahi dute herriarentzat". Abertzaleak ere haien errespetua lortzen ari gara. Hainbeste urte lan eginez abertzaleek, uste dut azkenean fruituak etortzen direla. Herri txikietan, hurbiltasun politika horretan, badugu gure tokia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.