Harmailetako hotsik gabe jokatu behar izan zuten atzo Ipuruan Eibarrek eta Realak, koronabirusa dela eta ez dela. Ligak (LFP) izurriari aurre egiteko neurri gisa hartu zuen erabakia. Jokalarien eta entrenatzaileen oihuak, aginduak eta kexak baino ez ziren entzun ahal izan atzo. Medie Jimenez epaileak partida amaiera adierazi zuenean, Realeko jokalarien poz adierazpenak entzun ziren, eta Eibarrekoen aldetik isiltasuna nagusitu zen.
Koronabirusa zabaltzea galarazteko neurrietako bat izan da. Horrez gain, 1.000 pertsonatik gorako ekitaldiak debekatu dituzte Gasteizen eta Bastidan (Araba). Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere neurri berbera dago ezarrita. Horren harira, Xingarraren Azoka atzeratu dute Baionan, eta Lapurdiko hainbat ikuskizun aretok programazioa bertan behera utzi dute. Nafarroako hiriburuan Iruña Rock jaialdia geratu da bertan behera.
ETBk atzo jakinarazi zuenez, ikuslerik gabe egingo ditu saioak aurrerantzean, krisia amaitu arte.