politika

Ilegalizazioen kontra manifestaziora deitu dute gazteek hilaren 19an

Segi gazte erakundeko kide izateaz akusatuta epaiketari aurre egin beharko diote hemezortzi gaztek ekainaren 28an, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Gazte mugimenduen jazarpenaren eta legez kanporatzeen kontra Donostian egingo den protestara joateko dei egin dute.

2010eko ekainaren 5a
09:55
Entzun
Hilaren 19an, Donostian, 17:30ean. Hori da gazte independentistek jarri duten hitzordua legez kanporatzeen eta gazte mugimenduak pairatzen duen jazarpenaren kontra egiteko. Proiektu politiko guztiak direla zilegi ere aldarrikatu nahi dute egun horretan, eta baita babesa eman ere ekainaren 28an Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten hemezortzi gazteei.

2007ko urriaren 30etik abenduaren 4ra bitartean, Donostialdeko 26 gazte atxilotu zituzten. 11 inkomunikatuta izan, eta tratu txarrak salatu zituzten. Hamahiru espetxean egon dira, eta 192.000 euroko bermea ordaindu dute guztira. Hemezortzi gazte epaituko dituzte orain.

Dena den, epaiketara doazenek nabarmendu nahi izan dute, haiena ez dela gertaera isolatu bat, eta Segiko kide izatea "aitzaki hartu" dutela gazteak atxilotzeko. Sei gazte daude gaur egun espetxean Segirekin lotuta.

Epaiketa hau testuinguru orokor batean kokatzen dute gazteek, "proiektu politiko guztiak bideragarri egiten ez dituen errepresio testuinguruan", eta hori dela eta, proiektu guztiak "askatasunean garatzeko eskubidea" aldarrikatzen dute.

Hauek dira, besteak beste, orain arte gazteei babesa eman dieten eragileak: Eusko Alkartasuna, ezker abertzalea, Alternatiba, Plazandreok, Lokarri, Askapena, Komite Internazionalistak, Eguzki, Bilgune Feminista, Anmistiaren Aldeko Mugimendua, Gazte Abertzaleak, Iratzarri, Gazte Independentistak, Ikasle Abertzaleak, LAB, HIRU, ESK, CNT, eta Donostiako Jai Batzorde, Gazte Asanblada, eta kultur eta kirol taldeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.