Eskuak lotuta, hatzak elkarri gurutzatuta osatu zuten atxiloketen eta espetxeratzeen aurkako herri harresia Donostian, Aske Gunean. Kartzelatzeko aginduarekin zeuden zortzi gazteetatik sei preso hartu zituzten. Imanol Vicentek eta Nahikari Otaegik ez zuten ekimenean parte hartu. Vicentek bere burua Martuneko espetxean aurkeztu du gaur arratsaldean, eta Nahikari Otaegik azken egunak bizi ditu, aske, Donibane Lohizunen. Otaegik zazpi hilabeteko eta hiru urteko bi ume dauzka, eta espetxeratzen dutenean txikiena berarekin eramango du, zaharrena kanpoan utzita.
Segi gazte erakundean egin duten lan politikoagatik zigortu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak. "Talde terroristako kide" izatea egotzi die, eta delitu ekintzarik egin dutenik frogatu ez arren, haiek seina urterako preso sartzeko aginduz Auzitegi Nazionalak eman zuen zigorra berretsi du.
Hamabi eguneko bidea joan den asteko ostiral goizaldera eten zuen Ertzaintzak: Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta, zortzi gazte atxilotzera joan zen Bulebarrera. Ehunka lagunek osaturiko hesia zulatu zuten poliziek, zortzi zigortuetatik seirengana iristeko. Kartzelan dira jada. Zaballan (Araba) daude lau: Aitor Olaizola, Egoi Alberdi, Ekaitz Ezkerra eta Adur Fernandez. Basaurin (Bizkaia), bi: Mikel Arretxe eta Oier Lorente.
Zigortutako zortzi gazteak babesteko izan dira hamabi egun, baina askoz gehiago badira: auzi politikoengatik, berrehun bat lagun daude zigorra jasateko arriskuan.