Ibarretxe plana

Imaz: "Auzitegi Konstituzionalak eztabaida galarazten badu, demokraziaren oinarriak urratuko lituzke"

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Jon Imazek Gasteizko exekutiboak estatutu berri baterako erreforma proposatzeko dituen "eskuduntzak eta legitimitatea" defendatu ditu gaur, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak "eztabaida galarazten badu, demokraziaren oinarriak urratuko" lituzkeela nabarmendu du. Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren ostean egin ditu adierazpen horiek Imazek, eta PPri "eztabaida judizializatzea" leporatu dio, "eztabaida erabat politikoa denean".

2003ko azaroaren 11
19:31
Entzun
Hala, Arabako Foru Aldundiak Ibarretxe planaren aurka jarritako helegite kontentzioso-administratiboa gaitzetsi du eta gaur bertan jarri dizkiote alegazioak helegite horri. Imazen ustez, Auzitegi Konstituzionalak eztabaida galarazten badu, demokraziaren oinarriak urratuko lituzke, "inongo epaitegik, eta gutxiago Konstituzionalak, ezin du ezarri herritarrek nola pentsatu behar duten eta zer proiektu defendatu behar dituen".

Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak "ez du konfiantza handirik Manuel Jimenez de Parga Auzitegi Konstituzionalaren lehendakariarengan, euskal gizarteak ez baitu begi onez ikusten", esan du Imazek. Halaber, Aznarren Gobernuari ere kritika egin dio Imazek, Ibarretxe planaren aurka helegitea azaroaren 13an jarri behar duelako, 'Prestige' istripua gertatu zen urteurrenean bertan, hain justu, "horrekin bere arduragabekeriaz hitz egitea saihestu nahi baitu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.