Joseba Egibarren "lana eta pertsona izugarri estimatzen" duela azpimarratu du Imazek, eta politikoki EAJrentzat "ezinbestekoa" dela esan du. "Joseba Egibarrek lehen mailako paper politikoa jokatuko du EAJn, ez daukat dudarik", gehitu du EBBko buruak.
Imaz EAJren EBBko buru izendatu zutenean onartu zuten ponentzia politikoaren helburu nagusia "EAEn Ibarretxeren proposamena aurrera ateratzea" da, "Nafarroan euskararen eta euskalgintzaren aldeko lanekin jarraitzea" eta Ipar Euskal Herria "instituzionalizatze bidean jartzea", adierazi du Imazek. Hala ere, txosten horretan Alderdi Kontseilua osatzea jasotzen zen. "Gure ustez komenigarria litzateke nazio eraikuntzaren alde eta herriaren erabakitzeko eskubidearen alde dauden indarren arteko elkarlana eta kooperazioa bermatzea", zehaztu du.
Bakea hurbilago ikusten duen ala ez ere galdetu diote Imazi. "Euskal gizartea jabetuagoa dago bakea behar dela", esan du Imazek, eta ETAk ezker abertzaleari "zatiketa eta sufrimendua" ekarri diola nabarmendu du. "Ezker abertzalearen proiektua ETAk amildegira bidal dezake", zehaztu du.
Bergarako proposamena
Bergarako proposamenaren filosofiarekin bat egiteko eskatu zion Pernando Barrena Batasuneko kideak Nafarroa Bai koalizioari iragan larunbatean, eta Imazek esan du, Nafarroa Bai koalizioak erabakitzen duena errespetatuko duela. Arnaldo Otegik eta Pernando Barrenak egin dituzten kritikekin "gauza bat estali nahi" dutela adierazi du, "baina ETA desagertzen ez den bitartean ez diot biderik ikusten".
Etorkizunean Bergarako proposamena autodeterminazioaren aldekoen "helduleku" izan daitekeen edo ez galdetu diote Imazi, eta "elkarrizketa eduki behar dela" esan du. "EAJk ez dio baldintzarik jartzen elkarrizketari; akordio politikoak lortzeko ezinbestekoa da bide politiko eta demokratikoei heltzea", zehaztu du.
EAJ-EAren arteko harremanak
EAJ eta EA azkenean ez dira koalizioa osatuz aurkeztuko Espainiako hauteskundeetara, eta "eztabaida publikorik sortzeko asmorik ez" duela nabarmendu du. "Guk proposamen bat egin genuen, uste genuelako garrantzitsua zela elkarrekin joatea. EAk erabaki bat hartu du, eta guztiz errespetatzen dut", adierazi du Imazek.
Hala ere, Ibarretxeren proposamena aurrera ateratzeko EA eta EB-IU "hor" egongo direla nabarmendu nahi izan du EAJren EBBko lehendakariak. Hala, Espainiako Gobernuak Ibarretxe planari jarritako inpugnazioaz ere hitz egin dute, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalean "Zuzenbide Estatua errespetatzen duten magistratuak" badaudela esan du Imazek, "nahiz eta PPk presio handia egin".
PSE-EEren "errespetua"
Halaber, PSOEk eta PSE-EEk Imazekin hitz egiteko azaldutako borondatearen aurrean, Josu Jon Imazek "alderdi guztiekin hitz egiteko prest" dagoela esan du, "hitza ez baitago ukatzerik". Imazen esanetan, EAJ "entzuteko prest" dago eta "besteen hitzak errespetatzeko prest", baina "geuk gurea ere mahai gainean jarriko dugu, eta PSE-EEri errespetua eskatzen diogu".
Politika
Imaz: "EAJko barne hauteskundeetan gainazaleko zauriak bakarrik sortu dira"
Josu Jon Imazen arabera, EAJren barne hauteskundeetan "gainazaleko zauriak bakarrik" sortu ziren, "ez baita erraza 23 urte agintean egon den pertsona horrela eta horrela ordezkatzea". Hala ere, EAJren barne hauteskundeak "demokratikoak" izan direla nabarmendu du, eta zentzu horretan "eredugarriak" izan direla, "ez PPn bezala". Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpen horiek guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu