Josu Jon Imaz EAJren EBBren presidenteak gaur esan du ez duela berak igandeko iritzi artikuluan ezer berririk esan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako balizko herri kontsultaz; EBBk 2005ean "aho batez" onartutakoa, Eusko Jaurlaritzako hirukoak (EAJ, EA, EB) gobernua osatzeko hitzartutakoa eta Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzaren lehendakariak 2005eko inbestidura saioko hitzaldian esandakoa idatzi duela dio. "Hau da, indarkeriarik eta bazterketarik gabeko egoeran egingo litzatekeela herri kontsulta, aurrez akordio integratzaile bat egonda", esan du gaur Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. "EAJ eta Jaurlaritza esku beretik joango dira gai honetan". Artikuluan herri kontsulta egiteko gaurkoa unerik egokiena ez dela ere bazioen hark.
Herritarrek, haren ustez, "hitza izango dute, dudarik gabe, prozesu politikoa amaitzean eta marko juridikoa aldatzean ezinbestekoa delako hiritarrek hori berrestea". Baina horren aurretik politikariek lan egin behar dutela iritzi dio Imazek. "Ezin dugu pilota hiritarren gainean utzi. [Jaurlaritzako] Hiru alderdiek sinatu genuen akordioan argi eta garbi esaten genuen hiritarrei hitza eman aurretik beharrezkoa dugula akordio integratzailea gauzatzea, herri honen sentsibilitate gehienak biltzeko ahalegina eginez".
Horretarako, "demagogiak" alde batera uzteko eskatu du "eta seriotasun osoz" jokatzeko.
Urkullu "harrituta" eta "kezkatuta" EA eta EBrekin
Iñigo Urkullu EBBren bozeramailea "harrituta" eta "kezkatuta" azaldu da EAk eta EBk Imazen iritzi artikuluari buruz egindako kritikekin. "Izan ere, artikuluan esandakoak hirukoak sinatutako gobernu akordioan daude jasota", adierazi du Urkulluk Radio Euskadin.
"Hirukoaren koalizio akordioak konpromiso politiko eta oinarri programatiko batzuk ditu jasota. Konpromiso politiko horiek hiru alderdiek babestutako irizpideak dituzte eta, tartean, normalizazio akordiorako bazterketarik gabeko elkarrizketa egiteko konpromisoa dago", esan du Urkulluk.
Politika
Imazek dio EAJ eta Jaurlaritza "esku beretik" joango direla
EBBren presidenteak gaur esan du EAJk 2005eko batzarrean "aho batez" onartutakoa, Jaurlaritzako hirukoak hitzartutakoa eta Ibarretxe lehendakariak duela bi urteko inbestidura saioko hitzaldian esandakoa idatzi duela herri kontsultaz. "Hiritarrei hitza eman aurretik beharrezkoa dugu akordio integratzailea gauzatzea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu