Josu Jon Imaz EAJren EBBren presidentea izan da gaur Bartzelonan protagonista. Ramon Juncosa XVIII. Udako Eskolaren jardunaldietan hartu du parte, eta denak, zer esango zeuden. Politika uzteko hartutako erabakiaz, hain zuzen. Ez du horretaz hitz egin, ordea. Orain "behin ere baino zintzoagoa izateko luxua" zeukala baino ez du esan. "Esaten dute merkaturik gabeko enpresa bat arriskutsua dela. Hauteskunderik gabeko politikaria halakoa izan daiteke, hitz egiteko askatasun handia izan dezakeelako".
Baina utzi du zertzeladarik bere pentsamoldeaz. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren autogobernua handitzeko, Espainiako Estatuarekin "lankidetza" behar dela nabarmendu du eta "konfrontazioa baztertu" egin behar dela. EAJren txosten politikoaren proposamenak dio akordiorik ezean ere jeltzaleek herri galdeketaren alde egingo dutela.
David eta Goliat, horiek erabili ditu Imazek esan nahi zuena esateko. "Davidek irabazi zion behin Goliati, duela 3.300 edo 3.400 urte. Ez zion gehiago irabazi. Beti Goliatek irabazi izan zuen harrezkero. Eta gu (Euskadi, Katalunia eta Galizia), David gara. Beraz, bideak [Espainiako] Estatuarekin lankidetzan aritzea izan behar du, konfrontazioarekin galdu egiten dugulako".
Espainiak Euskal Herria den bezalakoa onartuko balu, Imazek handik ez lukeela alde egingo iradoki du. "Zaren bezalakoa onartzen bazaituzte, inork ez du bilatzen inguru horretatik irtetea". Hala, Espainiak estatuaren "pluraltasuna" onartuko balu, "egonkortasunik handiena" orduan izango luke, EBBren buruaren iritziz.
Txalo zaparrada artean hartu dute Bartzelonan Imaz. Artur Mas (CiU) eta Anxo Quintanarekin (BNG) hartu du parte jardunaldietan.
Politika
Imazek ez luke Espainiatik irtetearen alde egingo, honek Euskal Herria "den bezalakoa onartuko balu"
Bartzelonan izan da gaur, udako eskolen jardunaldietan. Ez du hitz egin politika uzteko hartu berri duen erabakiaz. EAJren EBBren presidenteak Espainiako Estatuarekin "lankidetza" behar dela nabarmendu du eta "konfrontazioa baztertu" egin behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu